Auzorik auzo batzarrak egiteari ekin dio Munitibarko udalak
Udalaren eta herritarren arteko harremanak indartzeko, Munitibarko udala auzo batzarrak egiten hasi da. Parte hartzea bultzatzeko asmoz, zapatuetan biltzea erabaki dute.Aurreko asteburuan, Ganbe eta Gerrikaitz auzoetako bizilagunekin bildu zen, eta etz...
Aurreko asteburuan, Ganbe eta Gerrikaitz auzoetako bizilagunekin bildu zen, eta etzi, Totorika eta Gerrika auzoetako bizilagunengana hurreratuko dira.
Totorika auzoko frontoian 12:30ean bilduko dira. Gerrika auzoko Santa Luzia ermitan, berriz, 17:30ean dute hitzordua.
Bestalde, datorren astean Aldakoako eta Berreñoko auzotarrekin elkartuko dira. Azken batzarra herrigunekoa izango da. Hilaren 17an udaletxeko aretoan egingo dute, eguerdian.
Parte hartzera animatzen
Udal ordezkariek zehaztu dutenez, legealdian udalak nola funtzionatuko duen azaldu nahi diete herritarrei, «udala ahalik eta hubilekoena egiteko».
Asmo horrekin batzorde ezberdinak antolatu dituzte: «Batzorde bakoitzean zinegotzi bat dago eta haren ardura da batzordea koordinatzea eta dinamizatzea». Batzordeetan, nahi duten herritarrek edota elkarteek parte hartu ahalko dutela jakitera eman dute. «Arlo bakoitzari dagokion urteko aurrekontua zelan erabili edo zelan banatu erabakiko da batzordeetan».
Batzar horietan, ordezkariek euren burua aurkeztuko dute. Hau da, zinegotziak zeintzuk diren azaldu, udalak horien arduren banaketa zelan egin duen, eta bizilagunak arlo desberdinetako batzordeetan parte hartzera animatuko dituzte.
Horrekin batera auzotarrek dituzten arazoez hitz egingo dute.