Indar handiagaz dator Marabilli
Bihartik hasi eta domekara bitartean, arte munduko hainbat diziplina batuko ditu jaialdiak. Inoiz baino herriko sortzaile gehien batuko dira aurtenUrtebeteko atsedenaldia hartu ostean, ate joka dator III. Marabilli Sormen Festibala. Bihartik hasi eta d...
Bihartik hasi eta domekara bitartean, arte munduko hainbat diziplina batuko ditu jaialdiak. Inoiz baino herriko sortzaile gehien batuko dira aurten
Urtebeteko atsedenaldia hartu ostean, ate joka dator III. Marabilli Sormen Festibala. Bihartik hasi eta domekara bitartean, sormenaren agertoki erraldoi bilakatuko da Ondarroa. Aurreko bi jaialdietan gertatu legez, aurtengoa ere indartsu datorrela nabarmendu dute Manuelistek.Bixitxi marabilli re lelopean, Aitzol Aramaio zenaren lagun eta senideek egitarau aberatsa prestatu dute maitasun handiz. Hain zuzen ere, arte munduko hainbat diziplina batuko ditu jaialdiak: musika, literatura, bertsolaritza, antzerkia, zinea, argazkigintza… horiek guztiak eta gehiagorako tokia egongo da.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, edukidun jaialdia izango da aurtengoa ere. Hau da, ikusleak sormena «bertatik bertara biziko» duena. «Filma bat edota liburu bat zelan egiten den azaldu dute eurek egileek. Hori guztia Ondarroako jendeari hurreratu nahi dizkiogu».
Hazten eta zabaltzen
Aitzol Aramaio zinegilearen indarragaz eta gogoagaz sortutako festibala bere bidea luzatzen ari da, eta lortutako oihartzuna gero eta handiagoa da urterik urte. Horregaz batera, bertan parte hartzen dutenak ere gehitzen doazela azpimarratu dute antolatzaileek.
Berezitasun modura, aurten herriko sortzaile ugari batuko ditu jaialdiak, inoiz baino gehiago. «Herriko sortzaileak jaialdian izatea ekarpen handia dela deritzogu. Gure helburu nagusietako bat herritarren parte hartzea da, eta urteak aurrera joan ahala, lortzen ari gara». Besteak beste, herriko hainbat aktorek parte hartzen dute Rosa rosi de mundu nanoantzerkia jaialdian estreinatuko dute. Horrez gain, Dantzarteren eskutik alde zaharreko balkoietan egingo den dantza emanaldia ere berezia izango dela aurreratu dute.
Herriko sortzaileez gain, izen handiek ere parte hartuko dute jaialdian; denei ere, «zer edo zer desberdina» egiteko eskatu diete antolatzaileek. «Marabillako berezitasun bat bihurtu da sortzaile guztiei zerbait berezia egiteko eskatzea. Ikuslea harrituta geratuko da, eta normalean ikusten ez diren gauzez gozatzeko aukera egongo da».
Horren guztiaren errepasoa eta gehiago, gainera, Radixu Irratiako Marabilli irratsaioan egingo dira egunero 11:00etatik 12:00etara. Hain zuzen ere, festibaleko gorabehera guztien berri emango dute.
Galdutako irudiak argitara
Ekimenez ekimen, maitasunari, bizipozari eta baikortasunari egingo dio festibalak lekua, Aramaioren bizi filosofiari jarraituta. Momentu hunkigarririk ere ez da falta izango: zapatuko Abante zina, Aitzol! zine galak Aramaio oso presente edukiko du. Amama filma estreinatu dute aurten galan, eta ohikoa den legez, zuzendaria eta protagonistak ere bertan egongo dira. Anparo Badiola protagonista, gainera, Ondarroara etortzeko «pozez zoratzen» dagoela aipatu dute. Izan ere, Badiolak jatorri ondarrutarra du eta herrian bueltan egoteak asko poztu duela aipatu die antolatzaileei.
Aramaio presente egongo da bateko zein besteko ekimenetan. Guztiaren gainetik, sortzaile solidarioa zen, eta horren harira, hark orain 20 urte Bosnian ateratako argazkiak ikusgai daude erakusketa aretoan.
Bosnian Arrasate telebistarekin erreportaje bat egiten aritu zen Aramaio 1995ean, eta han atera zituen argazkietako batzuk ikus daitezke. Dozena bat argazkik osatzen dute erakusketa, eta antolatzaileek berezia dela nabarmendu dute. Izan ere, hainbat urtez argazkiak galduta egon ostean, negatiboak aurkitu eta handik berreskuratu dituzte irudiak.
Oho har, datozen egunotan herrian giro ederra egongo dela azpimarratu dute, eta hortaz, jen guztiari luzatu diote gonbidapena. Era berean, sarreak erritmo honean saltzen ari direla ere gogora ekarri dute. «Asko agortu ere egin dira, baina oraindik ekimen batzuetarako ere badaude sarrerak. Azkar ibili gero, batik gabe geratu aurretik».