Gaztelugatxeko proiekturako laguntza eskatuko diote jaurlaritzari
Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideak eta inguruak hobetzeko plan bat garatzen ari dira Bermeoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia; amaitzen ari direla dioteBermeoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideak eta ingurua ho...
Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideak eta inguruak hobetzeko plan bat garatzen ari dira Bermeoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia; amaitzen ari direla diote
Bermeoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideak eta ingurua hobetzeko plan bat garatzen ari dira. Atzo batzartu ziren Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Bermeoko alkate Idurre Bideguren, eta guneak duen «ikuspuntu turistikoa» kontuan izanik, Eusko Jaurlaritzaren lankidetza eskatuko dutela azaldu dute.«Bizkaiko bigarren lekurik bisitatuena da Gaztelugatxeko San Juan», gogorarazi du Rementeriak. Hala, guneak dituen arazoei behin betiko irtenbidea bilatu asmoz, udalaren eta aldundiaren arteko lankidetza «beharrezkoa» dela esan du ahaldun nagusiak, eta foru aldundiko sail desberdinak osatzen duten batzorde batean lanean ari direla jakinarazi du.
Beharrezkoak diren konponketak «gutxika-gutxika» egin beharko dituztela adierazi du Rementeriak, «egoera ekomikoak baldintzatu egiten gaituelako». Aldundiak eta Bermeoko Udalak batera lan egiteko apustua egin badute ere, proiektua bide onetik joan daiten, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere beharko dutela zehaztu dute, «ikuspuntu turistikoa» kontuan izanik. Oraindik, baina, horiekin batzeko daudela iragarri zuten atzoko batzarraren ostean.
Proiektua amaitzeke daukate, eta erakunde desberdinen artean garatu beharrekoa dela esan dute. Rementeriaren esanetan, «onena da, indarrak elkarbanatzen ditugula, eta elkarbanatutako esfortzu horrek, gehiago merezi du».
Proiektuak sarbideak, ingurua eta eskaintza turistikoa hartzen ditu bere baitan, eta zenbait ikuspuntutatik garatuta dagoela esan du Bidegurenek, «ingurumenekoa, soziekonomikoa edota azpiegiturak kontuan izanik». Gainera, planak egin beharrekoa, nork egingo duen, zenbateko kostua izango duen eta epeak finkatzen ditu, besteak beste. Bermeoko alkatearen arabera, «poiektua ea prest dago, guztien oniritzia behar du amaitzeko eta egiten hasteko».
«Utzikeria»
Uztailean Bermeoko Herri Babesako kideek, Gaztelugatxe inguruetako «utzikeria» salatu zuten. Bidearen egoera «kaskarraren» ondorioz, hainbat istripu gertatzen direla azaldu zuten, «bidearen zenbait tartetan harriak solte daude eta bisitariak irristatu egiten dira», esaten zuten.
Bestalde, inguruan gerta daitezkeen lurjauzietaz ere ohartarazi zuten. Bizkaiko Foru Aldundira ere jo zuten gertatzen ari denaren berri emateko.
Sollubeko tunelak
Sollubeko tunelez galdetuta, Rementeriak aitortu du «eginda eta landuta dagoen proiektua dela». Hala ere, 250 milioi euroko proiektua dela gogorarazi du, eta epe laburrean Bizkaiko Foru Aldundiak ezingo diola azpiegitura horri aurre egin esan du.
Bestalde, elkarren artean defendatu beharreko zerbitzuetaz ere aritu dira batzarrean, batez ere, enpleguari dagokien gaietan. «Diru gutxiko une hauetan garrantzitsua da», aipatu zuen ahaldun nagusiak.