Aitzol Etxaburu presoaren senideak bisita gabe utzi dituzte
Etxeratek jakitera eman duenez, Aitzol Etxaburu preso politiko ondarrutarraren izeba eta osaba bisita gabe utzi zituzten zapatuan Clairvaux (Frantzia) kartzelako funtzionarioek. Senideen hutsegite bat «aitzakia» gisa baliatu dutela salatu du Etxerat...
Antza denez, bisitara sartu aurretik poltsikoetan dirua zuela konturatu zen famili kideetako bat, eta detektatzailetik igaro aurretik kutxatilategiko giltza eskatu zuen dirua gorde ahal izateko. Etxeraten arabera, hor hasi ziren txarto ulertuak. «Giltza eman beharrean dirua Aitzoli pasa nahi ziotela leporatu, eta beste gela batera pasa zituzten. Senideek behin eta berriro bueltako bidaiarako dirua zela errepikatzen zuten». Bi orduz kartzelako gela batean izan ostean, jendarmeek komisaldegira eraman zituzten. Senideek esan dutenez, dirua kendu, eta deklarazioa eta hatzetako aztarnak hartu zizkieten. «Hasieran, jendarmeek ez zieten dirua itzuli nahi izan, baina bueltarako bidaiarako ezinbestekoa zutela errepikatu zutenean iritziz aldatu zuten»
Hiru hilabetetan bisitarik gabe zigortuko dituztela jakin ostean, 14:00ak aldera aske utzi zituzten. Zigorra zenbaterainokoa izango den fiskalak erabakiko duela nabarmendu dute.