Sanmigelak bete-betean
Asteburu jendetsuaren ostean, jaietako egun nagusia ospatuko dute gaur, Arretxinagan. Txotxongilo eta buruhandiez gozatu zuten atzo, umeekAsteburu guztian errepikatu den modura, beteta egon zen atzo ere Arretxinagako plaza. Umeak izan ziren atzoko prot...
Asteburu jendetsuaren ostean, jaietako egun nagusia ospatuko dute gaur, Arretxinagan. Txotxongilo eta buruhandiez gozatu zuten atzo, umeek
Asteburu guztian errepikatu den modura, beteta egon zen atzo ere Arretxinagako plaza. Umeak izan ziren atzoko protagonistak, umeei begira antolatu zuen eta Arretxinagako Jai Batzordeak San Migel bezpera. Txotxongiloen ipuinak entzun, txokolate goxoa jan eta buruhandien aurrean egin zuten aringa-aringa.Umeez gain, adin eta gustu guztietako herritarrek erantzun diote, asteburuan, sanmigeletako hitzorduari. Musika entzun eta dantzarako gogoz, gazteak izan ziren plaza bete zuten lehenengoak, baina, txirrindulari, kartazale, bertsozale zein giroa ikustera joan denik ez da falta izan.
Guztira, 187 txirrindularik hartu zuten parte zapatuko BTT martxan eta martxa herrikoian. Arretxinagatik irten eta goiz osoa egin zuten batzuk inguruko mendietan gora eta behera. Helmugan baina, bazeukaten saria, hamaiketako edarra prestatu zieten eta Arretxinagakoek, sagardoa eta errekiak barne.
Arratsalde osoa kartetan
Luze joan zen ere, arratsaldeko karta jokoa. 55 bikote aritu ziren musean eta briskan zein baino zein gehiago: 29 musean eta 26 briskan. Azkenean, Mari Karmen Arratek eta Mari Tere Aulestiartek jantzi zituzten briskako txapelak, eta Iñaki eta Alvaro Goitiandia anaiek musekoak. Bigarrenak, Maria Angeles Lejardi eta Juli Arrieta (briskan) eta Jabier eta Jesus Mari Arrieta anaiak (mus) izan ziren; hirugarrenak, Antonia Zelaia eta Gemma Mendieta (briska) eta Manu Meabe eta Joxe Martin Zabala (mus), eta laugarrenak, Maria Jesus Longarte eta Maria Ugarteburu (briska) eta Bene eta Josune Azkarate (mus).
Gaueko bederatziak arte luzatu zen jokoa, eta beraz, jokalariek libre utzitako mahaiak bete zituzten berehala, herri afarian elkartu ziren 135 lagunek.
Domekako goiz erdirako zeuden Xemeingo udaletxe aurreko mahai gainean VII. Tortilla Txapelketako zortzi platerak. Auzotarrez osatutako hiru laguneko epaimahaiak ez zuen lan erreza izan. Dena dela, gustua eta puntua aztertu ondoren, 7. tortilla zela hoberena erabaki zuten Aitor Goikoetxeak, Bittori Txurrukak eta Aitor Lersundik. Irabazlea, beraz, Arantza Izagirre izan zen.
Bertsoak eta musika lotuta
Tortilla txapelketako sariak emanda atera ziren oholtza gainera Irrintzi Lehiketako lau partaideak. Bi bidar bota zuten ijuia, eta berdinketa hausteko beste baten. Ijui ikaragarriak bota zituzten baina hoberena, Mirari Azkunegaz batera, eguerdiko giroa alaitzeko pandero-jole ere bazebilen Zaloa Zenarruzabeitiarena izan zela erabaki zuen epaimahaiak.
Beste hirurak ere izan zuten saria: bigarrena, Nere Sololuzek irabazi zuen, hirugarrena Lorea Zarragoikoetxeak eta laugarrena Marije Zelaiak.
Euskaraz Bizi Nahi Dut herri lasterketan aringa-aringa eginda, plazako aulkietan jarri zen publikoa Ez da kasualitatea bertso eta musika ikuskizuna entzuteko. Garikoitz Otamendi eta Igor Arruabarrena musikarien doinuei jarraituz, eta Maite Berriozabalek jarritako gaien hariari jarraituta, ikus eta batez ere entzuteko saio dotorea eskaini zuten Alaia Martin, Miren Amuriza, Eli Pagola eta Oihana Bartra bertsolariek. Maitasuna, politika, kirola eta Arretxinagako harriei lotutako bertsoak eskaini zituzten, bestak beste, umorez eta abileziaz.