Gernika Bizkaiak irabazi egin du denboraldiko lehen partida
Gernika Bizkaiak Mann Filter taldeari 78-72 irabazi zion zapatuan, Malosten. Talde gernikarra Emakumezkoen ligako sailkapenean laugarrena da. Conquero Huelva Wagen da liderra, Zamarat bigarrena, eta Gran Canaria taldea dago hirugarren, gernikarren aurr...
Jendetza batu zen Malosten Gernika Bizkaiak Emakumezkoen ligan hasi berri duen bigarren denboraldiko lehen neurketa ikusteko gogoz. Saski bateko arazoaren ondorioz, nahi baino beranduago hasi zen lehia.
Lehenengo saskiratzea etxekoena izan bazen eren, aurkariak berehala hartu zuen aurrea markagailuan; 4. minutuan 4-9 zeuden aurretik.
Etxekoen erantzuna berehala heldu zen. Besteak beste, Vaderwallek eta Popek hirukoetan asmatu zuten. 8 minutuan, 20-11 zihoazen, baina, aldea murriztu zuten, eta lehen ordu laurdena 20-17-ko emaitzagaz amaitu zen.
Bigarren laurdena estreinatzeko Izaskun Garciak beste hiruko bat sartu zuen. Vanderwallek eta Ewardsek beren jokoa egiten jarraitu zuten, eta Vegak ere puntuak batzen jarraitu zuen. Bi taldeak pare-parean heldu ziren atsedenaldira: 34-33.
Atsedenalditik bueltan, emozioak jarraitu zuen bai kantxan eta baita ikusleen artean ere. Talde bisitaria aurretik ipini zen hirugarren laurdena hastean. Hala ere, etxekoak ez zeuden amore emateko prest, ezta ezer oparitzekotan ere. Defentsan nahiz erasoan lan bikaina egin zuten etxeko jokalariek. Eta Maite Mugiraren hirukoagaz 49-48 aurretik ipini ziren gernikarrak.
Partida berdindua izan zen, eta bien arteko aldea, estua. Azken laurdeneko 64-64 eta 70-70 berdinketak dira bi taldeen arteko parekotasunaren adierazle. Amaierara heltzeko 28 segundo falta zirela, Vegak sartu zuen hirukoak erabakita utzi zuen partida. Denboraldiko lehen partida zirraragarria izan zen, emozio handiko norgehiagoka.