Haize berri gehiagoren bila
Kantugintzan ibilbide luzea du 1997an sortutako Ondarroako Kantaize abesbatzak. Etorkizunean ere bere horretan jarraitzeko kantuzale gehiagoren beharra du taldeak.Sentimendu berberak batzen ditu Ondarroako Kantaize Abesbatzako kide guztiak. Taldea osat...
Kantugintzan ibilbide luzea du 1997an sortutako Ondarroako Kantaize abesbatzak. Etorkizunean ere bere horretan jarraitzeko kantuzale gehiagoren beharra du taldeak.
Sentimendu berberak batzen ditu Ondarroako Kantaize Abesbatzako kide guztiak. Taldea osatzen duten 40 bat herritarrek kantu zaletasun aparta dute amankomunean.Herrian kantagintzarako zaletasun handia dago betidanik, eta horri jarraipena eman nahian dabiltza Kantaizekoak. 1997an hasi zuen bere ibilbidea taldeak, eta etorkizunean bere horretan luze jarraitzeko asmoa dute.
Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko dio esaldi ezagun batek, eta horretan jarraitu nahi dute luzerako. Zeregin horretan jarraitzeko, ordea, kantuzale gehiagoren beharra dute, eta kantarien soka etetea nahi ez baldin bada behintzat, belaunaldi berriek aurrekoen lekukoa hartzea komeni da. «Abesbatzak bizirautea nahi baldin badugu, energia berria sartu beharra dago», dio Xabi Arizmendiarrieta beteranoetako batek.
Edonor izan daiteke kantari
Edozeini abestuz gozatzeko aukera eman eta euren taldera hurbiltzeko gonbitea luzatu nahi diote; denak ongietorriak izango dira eta. «Datozela esperientzia gutxienez probatzera, eta gerokoan eurek erabaki dezatela etortzen jarraitu nahi baldin badute edo ez. Gogoa eta musikarekiko zaletasuna besterik ez ditugu eskatzen».
Abesbatzan izena emateko bertoko kideren batengana edota musika eskolara hurbiltzea nahikoa da. Era berean, entsegu batetara ere hurreratuz gero, esku zabalik jasoko dituzte denak. Bestelakoan, taldeari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kantaize@gmail.com helbide eltronikora mezu bat ere bidali daitekeela nabarmendu dute.
Taldekideek aurreiritziak alde batera laga eta beldurrak uxatu behar direla nabarmendu dute. Kantaizekoen iritziz, partitura bat irakurtzen jakin beharrik gabe ere, edonor bihur daiteke kantari. «Guretariko askok ez daki solfeorik, baina gogoa ipinita eta elkarri lagunduta dena lortzen da», azpimarratu du Miren Jone Solabarrietak.
Juanin de Diego ere, Solabarrietaren iritzi berekoa da. «Gurekin batera kantatzera etorri nahi duen jendeari beldurrik ez edukitzeko eta horiek alde batera lagatzeko esango nioke. Solfeorik ez nekiela eta, arduratuta sartu nintzen taldean, baina gerokoan entzumena landu eta hainbat teknika ikasi ditut».
Denak laguntzeko prest
Berriek talde guztiaren laguntza izango dutela nabarmendu du Peli Markuerkiaga zuzendariak. «Ez pentsa solfeoa harresi bat denik, hori ez da arazo bat. Apurka-apurka ikasten joaten dira guztiak, eta ez dakienak besteengandik ikasiko du, hortaz ez arduratu».
Ohiko lagunez gain, jende berria ezagutzeko aukera ematen du abesbatzak, eta taldeko entseguetatik kanpo ere, hartu-eman handia dute. Taldeagaz kantatzera edota entsegu bat ikustera gonbidatu ditu kantuzale guztiak Lurdes Arrizabalagak. «Kantua gustuko duten guztiak esku zabalik hartuko ditugu. Taldean sartu nahi duenari ez zaio damutuko. Etorri beldur barik».
Karmele Dizek, esaterako, bi urte daramatza taldean, eta pozik dago izan duen esperientziagaz. «Birritan pentsatu barik etortzera gonbidatzen ditut kantuzale guztiak».
Astean bitan batzen da taldea: martitzenetan eta eguenetan. Pedro Mari Unanue udal musika eskolan izaten dute hitzordua 20:00etatik 21:30era, eta hutsik egin barik kantu berriak entsegatzen aritzen dira Peli Markuerkiaga zuzendariaren esanetara.
Entseguez gain, ahozko teknikara hobetzeko tartetxoa ere izaten dute astean behin. Emakumeen kasuan, martitzenetan batzen dira 19:30etik 20:00etara, eta gizonezkoak, eguenetan, ordu berean.
Errepertorio zabala
Orain bi aste hasi zuten ikasturte berria, eta dagoeneko, Santa Zeziliko kontzertua prestatzen ari dira buru belarri. Lau ahotsetara abesten dute, eta hori abesbatza herrikoi batean lortzea ere pozgarria dela dio zuzendariak.
Jende askok uste duenaren kontra, errepertorio zabala dute, eta urtean ematen dituzten kontzertuetan eta ekintzetan denetariko kantak abesten dituzte. Kanta herrikoiez eta klasikoez gain, beste estilo batzuetan ere aritzen dira. Peli Markuerkiaga zuzendariak, beti ere, taldeari hobeto egokitzen zaizkion piezak aukeratzen ditu. Besteak beste, Beatles edota Simon & Garfunkel talde ezagunen kantuak abesteko aukera izan dute.
Kantatzea da gehien maite dutena, eta urte osoan, han hemenka, hainbat kontzertu eskaintzen dituzte, eta horiez gain, ahal duten ekintza herrikoi denetan ere parte hartzen dute. Santa Agedan, Antxoa Egunean, inauterietan… Hain zuzen ere, ikasturtean egindako guztiaren fruitua bertan batzen dute. Egindako guztia jendeak gustuko izan duela, eta publikoaren txalo zaparrada dira eurentzat saririk ederrena. «Eskaintzen duzunak harrera ona eduki duela ikustea zoragarria da», dio Mikel Arrizabalaga taldeko kideak.
Urtero gainera, gauza berriak probatzera ere gustuko dute. Aurten, esaterako, udaberrian egingo den Emusik 2016 Europako Musika Eskolen Jaialdian parte hartzeko ilusioz beteta daude.