Euskalduntze maila guztiak ikasteko aukera izango dute AEK-ko ikasleek
Irailaren 30era arte egongo da Lea-Artibai eta Busturialdeko eskoletan izena emateko aukera. Betiko modura, ikastaroak, diru laguntzen bitartez ordaindu ahalko dituzte herritarrekIrailaren 30era arte izango dute Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek AE...
Irailaren 30era arte egongo da Lea-Artibai eta Busturialdeko eskoletan izena emateko aukera. Betiko modura, ikastaroak, diru laguntzen bitartez ordaindu ahalko dituzte herritarrek
Irailaren 30era arte izango dute Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek AEKko eskola eta ikastaroetan izena emateko aukera. Hain zuzen, 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara jarri beharko dira harremanetan Gernika-Lumoko zein Bermeoko euskaltegiekin, telefonora deituta, helbide elektronikora mezua idatzita zein bulegora bertara joanda. Markina-Xemein, Ondarroa eta Lekeitioko bulegoetako ordutegia 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango da.Aurten, gainera, inoiz baino aberatsagoa da AEKren eskaintza; izan ere, aurretik herritarren eskura jartzen zituen ikastaro eta klaseei berritasunak ere gehitu dizkie.
Busturialdeko AEKko arduradun Iratxe Garmendiak jakinarazi duenez, euskalduntze maila guztiak eskainiko dituzte aurten eskualdean. Hala, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailez gain, C2 maila egiteko aukera ere egongo da 2015-2016 ikasturtean. Laugarren mailaren parekidea da azken hori, eta Gernika-Lumoko AEKren bulegoan eskainiko dute.
Euskalduntze maila guztiak egiteko aukera egongo da Lea-Artibain ere. Oinarrizko mailak A1, A2 eta B1, eta 3. maila, EGA eta C1 hiru herrietan emango dituzte: Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen. Markina-Xemeinen, gainera, tarteko maila B2 ere egiteko aukera egongo da. Horrez gain, C1 eginda daukatenak, 4. maila C2 ikasteko aukera izango dute Markina-Xemeinen zein Ondarroan. Ikasturte honetan ere, alfabetatze eta etorkinentzako AISA ikastaroak egongo dira aukeran.
Ikastaro bereziak
Berritasun modura, ikasturte honetan klaseetara aurrez aurre joaterik ez duenak ere euskara ikastea ahalbidetuko du AEKk, autoikaskuntza eta online ikastaroen bitartez. Nork bere erritmoan ikas dezan.
Halaber, aurrekoetan bezala, ikastaro bereziak ere egongo dira aukeran ikasturte berrian. Euskararen transmisioa mantentze asmoz, guraso taldeak jarriko dituzte martxan aurten ere Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udalek. Kasu horretan, beraz, AEKko bulegoetan zein Bermeoko edota Gernika-Lumoko udaletako Euskara Zerbitzuetan eman beharko da izena. Lea-Artibain ere, ikastaro bereziak egongo dira guraso, merkatari-ostalari zein erretiratuei zuzenduta.
Orain arte abiatu duten Berbalagun egitasmoak ere izango du presentzia ikasturte honetan. Taldeetan banatuta, hortaz, euskara euskaltegitik kanpo eta modu informalean praktikatzeko bilduko dira herritarrak bai Busturialdean bai eta Lea-Artibain ere.
Eskaintza oparoa ekarriko du, beraz, aurten AEKk bi eskualdeetara, eta, gainera, ikastaro eta klaseak ikasleen ordutegira egokitzeko prestutasuna erakutsi dute; hala, ikastaroak goizean, eguerdian edota iluntzean gauzatu ahalko dira.
Aipatu ikastarook, gainera, diru laguntzen bitartez ordaindu ahalko dituzte herritarrek; izan ere, diru laguntza mota bi jartzen dituzte euskara ikasi nahi duten horien eskura: batetik, HABEko azterketak egin eta gainditzen dituztenek, HABErengandik laguntza jasotzen dute, eta, bestetik, herri ezberdinetako udalek Lea-Artibai eta Busturialdean herri gehienek aparteko diru laguntza eskaintzen dute, klaseetara %80an bertaratzen direnentzat.
Gernika-Lumoko AEkn, gainera, langabezian daudenek doan izango dute ikasturte honetako matrikula.