259 partaidek lehiatuko dute Ondarroako XX. triatloia, bihar arratsaldean
15:30ean hasiko dira emakumezkoak, eta gizonezkoak, berriz, 15:40an. Distantzia olinpikoan ariko dira; 1.500 metro igerian, 35,5 kilometro bizikletan eta 10, 2 kilometro korrika egingo dituzteBihar arratsaldean jokatuko dute Ondarroako XX. triatloia, I...
15:30ean hasiko dira emakumezkoak, eta gizonezkoak, berriz, 15:40an. Distantzia olinpikoan ariko dira; 1.500 metro igerian, 35,5 kilometro bizikletan eta 10, 2 kilometro korrika egingo dituzte
Bihar arratsaldean jokatuko dute Ondarroako XX. triatloia, IX. Gerardo Saiz memoriala.Guztira 259 parte hartzaile lehiatuko dira, 29 emakumezko eta 230 gizonezko.
Distantzia olinpikoko proba izango da biharkoa. Lehenengo 1.500 metro egingo dituzte igerian, gero bizikleta hartu eta 35, 5 kilometroko ibilbidea egingo dute. Azkenik, 10,2 kilometro egingo dituzte korrika.
14:30ean boxeak ireki eta materialen kontrola egingo dute. Gero, emakumeek 15:30 ekingo diete lehiari, eta gizonak, berriz, 15:40an hasiko dira.
Arrigorri hondartzan hasiko dute igeriketa saioa. Ondarroako badian igeri egin ostean, Artibai ibaian gora joango dira. Kalatraba zubia pasatuta, hango eskaileretatik boxetara iritsiko dira.
Ondoren, bizikleta proban, hasierako metroak herri barrutik egin, eta Berriatuara joango dira. Millioi gaina eta Oleta pasatuta, BI-2238 errepidea hartuko dute Ispasterrerantza. Handik Lekeitiora heldu, eta Ondarroara bueltatuko dira.
Jarraian, udalerrian zehar hiru buelta emango dituzte korrika.
Triatloian honako hornidura guneak egongo dira: bata bizikleta saioan, bi korrika proban eta amaierako hornidura nagusia. Gainera, proba amaitzean hankak hotzetan sartzeko tinak egongo dira, eta dutxa zerbitzua edukiko dute arraun elkartean.
Sariei dagokienez, irabazleek 300 euro, txapela, garaikurra, lore sorta eta bi lagunentzako afaria jasoko dituzte. Halaber, partaide guztiek jasoko dute opari edo oroigarriren bat.