Mijoako enpresa haztegia egiteko eskatu dute hainbat mutrikuarrek
Egitasmoa bertan behera geratuz gero, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako 500.000 euroak bueltatu beharko lituzte udalak. Gaia gaurko udalbatzan aztertuko duteMutrikuko Mijoa industrialdean egitekoa zen eraldaketa gunea eta enpresa haztegia ez direla e...
Egitasmoa bertan behera geratuz gero, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako 500.000 euroak bueltatu beharko lituzte udalak. Gaia gaurko udalbatzan aztertuko dute
Mutrikuko Mijoa industrialdean egitekoa zen eraldaketa gunea eta enpresa haztegia ez direla egingo erabaki zen aurreko barikuan egindako Garapen Batzordean. Erabakiak ezinegona sortu du proiektua bultzatzen duten hainbat herritarren artean, eta berau aurrera eramateko herritarren sinaduraz babesturiko mozioa aurkeztuko dute gaur, 19:00etan, egingo den udalbatzaren osoko bilkuran. Euren iritziz, proiektua Mutrikuko egoera sozioekonomikorako «komenigarria eta beharrezkoa» litzateke.Mutrikuko EH Bildu ere, bat dator herritarrek egindako eskariarekin, eta hortaz, berau babestea erabaki dute osoko bilkuran. «EH Bilduren aldetik, herritarren kezka hori bultzatu egin behar dela iruditu zaigu. Herritarrek bilkuran ez dutenez hitzik, euren ahotsa izango gara». Hain zuzen ere, Garapen Batzordean proiektuaren alde agertu ziren bakarrak izan ziren EH Bilduko zinegotziak. «EAJ proiektua aurrera egitearen aurka azaldu zen eta Berdeak Independenteak taldeak, aldiz, ez zuen aldekoa edo kontrakoa adieraziko duenik agertu».
EH Bilduko kideek nabarmendu dutenez, egitasmoa aurrera eramateko akordio guztiak hartuta zeuden aurreko agintaldian. Euren arabera, proiektua egiteko aurkeztu eta baldintzak bete dituzten lau enpresen artean bati lanak esleitzea besterik ez da falta.
Kalitatezko botoaren menpe
Azken erabakia gaurko udalbatzan hartuko bada ere, Berdeak Independenteen babesik gabe, egitasmoa bertan behera geratuko denaren beldur dira EH Bildukoak. Izan ere, bi alderdi nagusien botoen berdinketa ematen bada, alkatearen kalitatezko botoak izango luke azken erabakia. Azken hori gertatuz gero, egitasmoa bertan behera geratuko litzatekete, eta udalak 2014ko abenduan Gipuzkoako Foru Aldunditik jaso zituen 500.000 euroak bueltatu beharko lituzke.
Enpresa haztegia egitearen alde daudenek, ordea, diru hori bueltatu beharra pena dela eta herriak gehiago merezi duela nabarmendu dute. «Honako hiru eskaera egin nahi dizkiogu udalbatzari. Alde batetik, obrak esleitu eta berehalakoan has daitezkela, epe barruan egiteko. Bigarrenik, ekipamenduetarako esleipena ere martxan jartzea eskatu nahi genuke. Azkenik, udalak eska diezaiola aldundiari errespetatzeko hitzarmena eta bete dezala».Bestalde, jeltzaleen ezezkoaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak urteroko mantentze gastuak babestuko dituen diru laguntza ere ez duela emango ere aipatu zen Garapen Batzordean.
Aldundiaren ezezkoa
Ekainean udalaren eta aldundiaren artean sinatutako bigarren hitzarmen batean, Mijoako eraldaketa gunea eta enpresa haztegiaren kudeaketa eta mantentze gastuetan lagunduko zuenaren konpromisoa agertu zuen aldundiak, baina, itxura guztien arabera, aldundi berriak ezezkoa eman dio Mutrikuko egitasmoari. Hau da, ez du mantentze gastuetarako urteroko diru laguntzarik emango.
Aldundiaren ezetzaren aurrean, Mutrikuko EAJ «atzera pausoa emateko bidean» jarri dela salatu dute proiektuaren aldekoek. «Nahiz eta 500.000 euroak herriarenak diren eta udalean dauden, nahiago dute dirua itzuli eta herria proiekturik gabe utzi».