Ermitarik ermita martxan izena eman daiteke dagoeneko
Urriaren 17an egingo dute ibilaldia, eta urriaren 14ra arteko epea ipini dute apuntatzeko. Aurten partaideek motxila bana jasoko dute oroigarri moduanAulestiko Ermitarik ermita martxa urriaren 17an egingo bada ere, herritarrek urriaren 14ra arte izena ...
Urriaren 17an egingo dute ibilaldia, eta urriaren 14ra arteko epea ipini dute apuntatzeko. Aurten partaideek motxila bana jasoko dute oroigarri moduan
Aulestiko Ermitarik ermita martxa urriaren 17an egingo bada ere, herritarrek urriaren 14ra arte izena eman ahal dute (urriak 14 barne).Horretarako, udaletxera joan edo deitu beharko da (94-627 90 06). 14 urtera artekoek 7 euro ordaindu beharko dute eta hortik gora dutenek 15 euro.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzaile guztiei motxila emango zaie, oroigarri lez. Era berean, egunean bertan, ohitura legez, kopaua egongo da herriko plazan eta partaideek eskumuturrekoa aurkeztuta parte hartu ahalko dute horretan.
Ibilbide osoa eta laburra
Aurreko urteetan modura, aurten ere bi ibilbide egongo dira. Osoa 25 kilometrokoa izango da, eta hura egiteko bost ordu eta erdi inguru behar direla aurreikusten dute. Beste ibilbide laburrak hamar kilometro izango ditu, eta hiru ordu inguruan egiteko modukoa izango da.
Martxa osoa egiten dutenek ibilbide hau egingo dute: Aulestiko plaza-San Anton-Goierri-Urregarai-Malats-Zubero-Urriola-Murelaga-Garatxaga-Lekerika-Narea eta Aulestiko plaza.
Ibilbide laburrekoak, ostera leku hauetatik ibiliko dira: Aulestiko parkea-Murelaga-Garatxaga-Lekerika-Narea eta Aulestiko plaza.
Guztira 11 ermita bisitatuko dituzte paraje ederretatik paseatzen duten bitartean. Hain zuzen ere, hauek dira igaroko dituzten ermitak: San Anton, Santutxu, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, Narea eta Elizatxu.
Bi hornidura gune egongo dira, bata Urregaraiko zelaian ipiniko dute, eta bestea, Garatxagan (San Paulo).
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, egunean bertan herriko tabernak zabalik egongo dira, gosaldu ahal izateko. Halaber, aparkalekuak ere zehaztuta egongo direla diote. Eta aurreko urteetan modura, dutxak ere egongo direla gaineratu dute.