Egunotan Geoparkeko marearteko zabalgunea bisitatzeko aukera dago
Iraila bukaerako marea biziak direla eta, marearteko zabalgunea ezagutzeko hiru irteera gidatu eskainiko ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Itsasoko uraren mailari baxuenak egongo direla aprobetxatuz, tokia ezagutzeko aukera aproposa dela iragarri dute...
Domekan, 10:00etan, bi bisita gidatu egingo dira: bata, euskaraz, Deban (Sakoneta inguruan) eta bestea, gazteleraz, Zumaian (Itzurungo hondartzan). Horiez gain, hurrengo martitzenean beste bisita gidatu bat egingo da Zumaian, 11:00etan (gazteleraz).
Antolatzaileek aurreratu dutenez, bisita bakoitzaren iraupena hiru ordu eta laurdenekoa izango da. Haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak eta ura eramatea gomendagarria dela ere iragarri dute.
Ekosistema oso aberatsa
Irteerari dagokionez, batez ere, biologiari erreparatzen dion bisita da, eta itsasbehera oso behean dagoenean egin daiteke bakarrik. «Gidari espezializatu baten laguntzaz, marearteko zabalgunea ezagutuko dugu, labarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsua. Oso ekosistema aberatsa dauka: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak eta bestelako izakiak aurkituko ditugu; kolore eta forma anitzetako bizitza zabalduko zaigu begien aurrean».
Irteeretan interesa dutenek erreserbak egiteko epea zabalik dute Geoparkearen webgunean (www.geoparkea.com) edota Mutrikuko, Debako eta Zumaiako turismo bulegoetan ere.
Olatu plantara ere bai
Bestalde, Mutrikuko turismo bulegoak antolatuta, olatu planta bisitatzeko aukera egongo da domekan. Guztira, bi irteera egingo dira: bata, euskaraz (12:30ean) eta bestea, gaztelaniaz (11:00etan).
Bisita gidatuan interesa dutenek erreserbak egiteko turismo bulegora (943- 60 33 78) deitu dezakete edota turismo@mutriku.net helbidera idatzi.