Argazkietatik margolanetara
20 margolanez osatutako lagina aukeratu du Rosa Aretxederretak Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan erakusteko. Domekara arte ikusgai izango dira Kanalakoaren lanak.Beste behin ere, Rosa Aretxederreta Sukarrietako Kanalako bizilagunak Bermeoko Nestor B...
20 margolanez osatutako lagina aukeratu du Rosa Aretxederretak Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan erakusteko. Domekara arte ikusgai izango dira Kanalakoaren lanak.
Beste behin ere, Rosa Aretxederreta Sukarrietako Kanalako bizilagunak Bermeoko Nestor Basterretxea aretoa aukeratu du bere margolanak erakusteko. Etxea margolanez beteta badu ere, 20 margolaneko lagina aukeratu du Bermeorako. Batez ere, klasikoak aukeratu ditu Nestor Basterretxea aretorako, «inguru honetako bizilagunak, margolanak aukeratzerako orduan, nahiko klasikoak baitira». Hala ere, bere lanetan abstraktuak ere badaudela dio.Gehienetan, gustuko dituen lekuei argazkiak aterata lan egiten du Aretxederretak: «Argazki bat atera eta ondoren margotu egiten dut, nahiz eta nik nire ukitua ematen diot, ondoren». Urdaibai margotzea atsegin du eta besteren artean, Bermeo eta Mundakako portuak eta Gaztelugatxeko San Juan ikus daitezke erakusketan, baina haratago ere badoa. Herbeheretako zenbait paisaia ere aurki daitezke, baita Bastida edota San Vicente de la Sonsierrako beste batzuk ere. Izan ere, «paisaiak, baserriak, itsasoa…» dauzka gustuko.
Teknika desberdinak lantzen ditu, baina gehienbat olioa erabiltzen du. Erakusketan, marmol-hautsekin egindako zenbait lan ere badaude. Oihal baten gainean, itsasgarria erabilita, botatzen ditu hautsak berak gura duena irudikatzeko. Beste teknika batzuk baino «zailagoa» dela dio, «pintura gehiago eskatzen baitu». Beste margolanetako bat, berriz, txinako tinta erabilita egin du, eta hark eman zion «lanagatik eta burukominagatik, maitasun berezia» diola aipatzen du.
Egun, errusiar bategaz ari da teknika berri bat ikasten, gauza berriak ikastea gustuko duelako, «gehiagora joatea» gustatzen zaiola dio Kanalakoak.
Asko eta gutxi
Margotzeak «poztasuna, emozioa eta osasuna» eskaintzen dizkio: «Kalean ibiltzea baino gehiago, nahiago dut margotzea». Zenbaitetan orduak ematen ditu margotzen, «konturatu barik», beste batzuetan ordea, ordu bakarra ere ez, «inspirazioaren arabera», dio.
Domekara arte bisita daiteke erakusketa, astegunetan 19:00etatik 21:00etara eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara.