Urdaibaiko lehen maratoi erdiak kirolari eta zale asko batu gura ditu
Bermeon hasi eta Gernika-Lumon amaituko da maratoia; guztira, 21 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek. Urteekin erreferente bihurtu gura dute lasterketaUrdaibaiko maratoi erdia egingo dute domekan irailaren 27an. Lehenengoz antolatu dute proba ...
Bermeon hasi eta Gernika-Lumon amaituko da maratoia; guztira, 21 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek. Urteekin erreferente bihurtu gura dute lasterketa
Urdaibaiko maratoi erdia egingo dute domekan irailaren 27an. Lehenengoz antolatu dute proba hau, baina antolatu nahian urteak eman dituztela azaldu dute Urdaitri triatloi taldekoek. Gernika-Lumoko Kultur Etxean egin zuten aurkezpena atzo arratsaldean. Zehaztu zutenez, Urdaibai inguruetatik maratoi bat antolatzeko eskariari erantzuna emango dio domekako probak, eta kirola zein zale asko batu gura dituzte. Lehen urtea izanda, mila korrikalari aurreikusi dituzte antolatzaileek. Hala ere, ohartarazi dute fisikoki prestatuta daudenentzako maratoia izango dela; «ez da herri krosaren antzekoa, lasterketa espezializatuagoa izango da», zehaztu dute Urdaitri taldeko kideek.Izena emateko epea zabalik da, eta parte hartu gura dutenek www.sailkapenak.com webgunera jo beharko du. Zapatuan, gauerdian, zarratuko dute epe hori, eta izena ematerakoan 18 euro ordaindu beharko dira.
Dortsalak, gero, Gernika-Lumoko Kultur Etxean batu beharko dituzte izena ematen dutenek. Barikuan 16:00etatik 20.00etara, eta zapatuan 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango dute horretarako aukera.
Hiru anoa postu
09:30ean hasiko da proba, Bermeoko Lameran, eta Txibitxiagako aldatsari ekin aurretik, kostako herritik buelta bat emango dute lasterkariek. Ostean, Gernika-Lumorako bidea hartuko dute. 21 kilometroko ibilbidea egin beharko dute guztira, eta bidean hiru anoa postu aurkituo dituzte: Mundakan, Busturiko Altamiran eta Foruan. Ibilbide osoan, gainera, Bermeotik Gernika-Lumoko erreia itxita egingo dela jakinarazi dute, eta korrikalarien segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dituztela.
Gutxi gorabehera, 11:30ak aldera korrikalari denak helmugaratuta izango direla aurreikusi dute antolatzaileek. Gernikara helduta, herri barruko ibilbidea egin beharko dute, eta Merkurio iturrian ipiniko dute helmuga.
Oparien zozketa 12:00etan egingo dute.
Udalen laguntza
Urdaitri taldekoek esan legez, babesleen laguntza ezinbestekoa izan da maratoia antolatzeko.
Era berean, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udalen laguntza izan dute Urdaibaiko lehen maratoi erdia antolatzeko. Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta Gernika-Lumoko kirol zinegotzi Jon Lejarraga ere pozik agertu ziren atzoko aurkezpenean.
Biek ere, Urdaibaiko erdi maraatoiaak urteekin indarra hartzea espero dutela esan zuten aurkezpenean, eta instituzioen arteko elkarlana garrantsitsua dela diote, horrelako jarduerak bultzatzeko.