Domekan eta astelehenean jokatuko dute zaldi proba txapelketa
Nabarnizko zaldi proba txapelketa domekan eta astelehenean lehiatuko dute.Domekan, 17:30etatik aurrera, lau partaide izango dira nor baino nor gehiago: Kortezubiko Txertudi, Bermeoko Erauskin, Mungiako Taberna Goieta eta Urdulizko Fontaneria Zalbide.Bi...
Domekan, 17:30etatik aurrera, lau partaide izango dira nor baino nor gehiago: Kortezubiko Txertudi, Bermeoko Erauskin, Mungiako Taberna Goieta eta Urdulizko Fontaneria Zalbide.
Biharamunean, ostera, 21:00etan hasiko da lehia. Aulestiko Maider Uriartek, Mungiako Bar Goietak eta Berangoko Goitiak jokatuko dute txapelketaren bigarren jardunaldian.
Aurtengoa Nabarnizen egingo duten 46. txapelketa izango da, eta hitzordu garrantzitsua da, besteak beste, Bizkaiko zein Euskal Herriko txapelketetarako puntuagarria izango delako.
Udalerriko harria erabiliko da proban, 50 kiloko gainkargarekin. Jardunaldi bakoitza lehiatu baino ordu bete lehenago pisatuko dituzte zaldiak.
Era berean, parte hartuko duten zaldi bakoitzaren mikrotxip zenbakia ematea derrigorrezkoa dela jakinarazi dute.
800 euro irabazlearentzat
Parte hartzaileentzat sari potoloak prestatu dituzte. Txapelketa irabazten duenak manta eta garaikurragaz batera, 800 euro jasoko ditu. Bigarren sailkatuak 700 euro jasoko ditu, eta hirugarrenak 600 euro.
Halaber, partaide guztientzat egongo dira sariak; laugarrenetik zazpigarrenera sailkatuek 550 eta 400 euro arteko saria josoko dute.