Hezur-muina ematearen alde, kirolean
Elkartasunezko zumba saio batean parte hartu zuten herritarrek zein kanpotik etorritako zenbait lagunek, zapatuan. Herritarrek borondatez egindako pintxoak eta pastelak dastatzeko aukera egon zen.Helburu nagusia beti da berdina, hezur-muinaren emaile i...
Elkartasunezko zumba saio batean parte hartu zuten herritarrek zein kanpotik etorritako zenbait lagunek, zapatuan. Herritarrek borondatez egindako pintxoak eta pastelak dastatzeko aukera egon zen.
Helburu nagusia beti da berdina, hezur-muinaren emaile izateari buruzko informazioa zabaltzea. Horretarako, baina, jarduera ugari antolatzen ari da bermeotar talde bat. Azkena, zapatuan egin zuten; Euskadi En Forma elkartearen laguntzagaz elkartasunezko zumba antolatu zuten.Ordu bateko zumba saioa izan zen, eta bai bermeotarrak zein kanpotik etorritako lagun ugarik ere parte hartu zuten; ume eta nagusi aritu ziren dantzan. Zumba egiteaz gain, parte hartzaileek Bermeoko Bilbosalsa elkarteko irakasle Ernesto Miarigaz kubatar doinuak dantza egiteko aukera ere izan zuten. Jarduera horretatik ateratako dirua, Fundacion Josep Carreras, leuzemia sendatzeko ikerketa egiten duen elkartera zuzenduko dute.
Kirola egin ostean, euro baten truke herritarrek borondatez egindako pintxoak eta pastelak dastatzeko aukera egon zen. Maria Jose Martinez hezur-muina emateko kanpaina abiarazi duen herritar taldeko kideetako baten esanetan, «nabarmentzekoa da Bermeoko ume batek guretzako egin dituen tartak eta bizkotxoak. Hala ere, beste askok tortilla pintxoak eta edariak eman digute, guk zapatuan saltzeko eta dirua ateratzeko».
Bertaratutako umeak ere, «itxura-ederregaz» bueltatu ziren etxera, MB 2000ren eskutik aurpegiak pintatzeko aukera eduki baitzuten.
Emaile egiteko hitzorduak
Beste behin ere, balorazio positiboa egin du Martinezek, «herriak eta herritarrak dena ematen dute». «Pozik» agertu da, gainera, informazio mahaira hurbiltzen diren guztiak emaile egiteko hitzordua eskatzen dutelako, «eta hori da kanpainaren helburu nagusia, emaileak lortzea».
Elkartasunezko tonbola ere egin dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaien baitan, eta «guztiz arrakastatsua» izan dela nabarmendu dute. Aspanovas elkarteak jaso du handik lortutako 2.000 euroko txekea, «beste zati bat kanpainagaz jarraitzeko utzi dugu, orain arte gure poltsikotik jarri baitugu dirua», dio. Soberakinak, hala ere, Madrilgo Aladina Fundazioara bideratuko dutela azaldu du Martinezek.
Kanpainagaz jarraituta, Bermeon, graffiti bat egiteko gogoa dutela iragarri dute, baina udalagaz batu behar direla jakinarazi dute. Bestalde, Busturialdera eta ikastetxeetara zabaldu gura dute «arrakastaz» hasitako kanpaina.