Herri osora zabaldu dute txokoa libre uzteko aldarria
Txoku Libre Eguna egin zuten zapatuan, Markina-Xemeinen. Txokoaren aurrean bazkaldu eta bertso saioaren ostean, kalejira egin zuten herrian zeharUrbitarte kalea laranjaz apaindu eta txokoaren aurrean elkartu ziren markina-xemeindarrak, zapatuan, Txoku ...
Txoku Libre Eguna egin zuten zapatuan, Markina-Xemeinen. Txokoaren aurrean bazkaldu eta bertso saioaren ostean, kalejira egin zuten herrian zehar
Urbitarte kalea laranjaz apaindu eta txokoaren aurrean elkartu ziren markina-xemeindarrak, zapatuan, Txoku libre eta zabalik! uztea aldarrikatzeko. Txoku Libre Eguna izendatu zuten zapatukoa, ixteko arriskuan dagoen herriko tabernari babesa adierazteko.Txokoa izan zen lehen geralekua. Bere aurrean bazkaldu zuten herritarrek, eta bazkalostean bertso saioa izan zuten Eneko Arrate eta Iratxe Ibarra bertsolariekin. Joseba Sololuzek jarri zituen gaiak, eta umorea, kritika eta salaketa tarteko, mahai luzeetan jarrita zeuden entzuleen barre eta txaloak eragin zituzten bertsolariek.
Mahaiak jaso eta joaldunak prestatutakoan, txoko aurretik herri osora zabaldu zuten aldarria. Joaldunen doinu indartsua aurretik, kartel eta pankartak ipiniaz egin zuten kalejira laranja markina-xemeindarrek. Aldaola kaletik Iturritxu kalerantz jo zuten eta Kai aurretik Frai Bartolomen zehar alde zaharrerako bidea hartu zuen taldeak. Alde zaharrean zehar kartelak ipini eta aldarria zabaldu ostean, Zelaira joan ziren kalejiragaz amaitu eta trikipoteoari hasiera emateko.
Defendatzeko prest
Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuenetik ixteko arriskuan daude 107 herriko taberna. Lea-Artibai eta Mutrikuri dagokionez, Markina-Xemeingo Amaiur, Lekeitioko Galarrena, Ondarroako Uxola eta Mutrikuko Zubixa daude tartean, eta Busturialdean, berriz, Bermeoko Bola Toki eta Gernika-Lumoko Arrano. Bertakoak zein beste guztiak izan zituzten gogoan zapatuko Txoku Libre Egunean. Txokoaren aurrean jarri zituzten banderatxoetan guztien izenak ipini zituzten, eta herriko tabernak defendatuko dituztela argi utzi zuten zapatuan Markina-Xemeinen elkartutakoek.