«Lasterketako azken hamar metroak izan ziren erabakigarrienak»
Master mailan lehiatzeko aukera izan duen nazioarteko lehen lasterketan maila ezinhobea lortu du ondarrutarrak. Munduko Txapelketako 100 metroko abiadura proban urrea eskuratu du.Orkatz Beiti Gandiaga (Ondarroa, 1979) ondarrutarra atletismoari lotuta e...
Master mailan lehiatzeko aukera izan duen nazioarteko lehen lasterketan maila ezinhobea lortu du ondarrutarrak. Munduko Txapelketako 100 metroko abiadura proban urrea eskuratu du.
Orkatz Beiti Gandiaga (Ondarroa, 1979) ondarrutarra atletismoari lotuta egon da ume-umetatik. 2008an erretiratu zen arte, absolutu mailan marka ezinhobeak lortu zituen. Egun, maila apalago batean lehiatzen ari baldin bada ere, master mailan ere markak hausten hasita dago. Horren adibide dira, martxoan Espainiako txapelketan 60 eta 200 metroko lasterketetan lortutako urreak, bai eta ere abuztuan Lyon-en (Frantzia) egin zen Mundu mailako Master Txapelketan 100 metroko abiadura lasterketan lortutako urrea.Oro har, zelako txapelketa izan zen Mundu mailakoa?
Master mailan jokatu dudan nazioarteko lehen txapelketa izan da Lyongoa. Egia esan, ez nekien han zelako maila aurkituko nuen, ezta zer nolako parte hartzea egongo zen ere.
Eta zer nolako giroa aurkitu zenuen?
Jakin banekien master mailan jende asko lehiatzen zela, baina nik espero baino atleta gehiago dabil. Jende asko batu ginen. Begiratu ze, txapelketa lau pistatan egin zela.
Esperientzia polita, beraz.
Ikusgarria izan da adin guztietako hainbeste kirolari aurkitzea. 35 urtetik hasita, diziplina guztietan jende asko batu gara. Batez ere, 80 urtetik gorakoak zer mailatan lehiatzen diren ikustea ez sinisteko modukoa izan da.
Zure esperientziari dagokionez, nolakoa izan da?
Oso polita. Guztira hiru lasterketa egin ditut: sailkatze proba, finalaurrekoa eta finala.
Finalerako txartela lortzea zaila izan zen?
Nahikoa erraz sailkatu nintzen. Aurreko bi lasterketetan, gainera, gainerako aurkariak nolakoak ziren ikusteko aukera ere izan nuen, eta pentsaten nuen modura, Estatu Batuetako bat eta Frantziako bat ikusten nituen nire areriorik gogorrenak.
Finaleko lasterketari dagokionez, zelakoa izan zen?
Irteerarik onena estatubatuarrak egin zuen, eta hurrengo metroetan elkar ezin aurreratuta ibili ginen hirurok. Gauza oso estu egon zen, baina, azkenean, aurrea hartzea lortu nuen. Hain zuzen ere, lasterketako azken hamar metroak izan ziren erabakigarrienak. Era berean, haizea aurka izan bagenuen ere, marka polita lortu genuen.
Markari dagokionez (10.85), esperotakoa bete zenuen?
Nik pentsatzen nuen hobeto ahal nuela egin, baina, beti ere, txapelketa batean parte hartzen zaudela kontuan izan behar da, eta askotan denak ez du espero modura irteten. Askotan hankekin korrika egin beharrean, lepoagaz korrika egiten ahalegintzen gara, eta hor denbora galtzen da, azkenean, marka zer edo zer eskastuz.
Fisikoari dagokionez, zeure burua zelan aurkitu zenuen?
Polito aurkitu nuen neure burua txapelketan. 36 urte ditudala kontuan edukita, orain hamar urte aldean gutxiago entrenatzen dut, eta markak txarragoak baldin badira ere, lehen baino min gutxiago izaten dut. Urteak aurrera doazela igarri egiten da. Batez ere, lehen aldean orain denbora gehiago behar izan dut neure onera etortzen. Adinagaz pasatzen diren ohiko gauzak dira horiek. Motibazio apur bat daukadan bitartean eta gorputzak irauten duen bitartean, hor jarraitzeko asmoa daukat.
Txapelketan parte hartu zenuen diziplina bakarra izan zen?
Beste proba batzuetan parte hartzeko gonbitea egin zidaten, baina ez nintzen animatu. Oporretara joateko nire planak eginda nituen, eta nahikoa nuela iruditu zitzaidan.
Domina hau orain arte ilusiorik gehin egin dizuna izan da?
Poz handia eman dit, baina 2002an Salamancan irabazitako lehen Espainiako txapelketa irabaztea izan zen niretzat orain arteko onena. Lau urte min hartuta egon ostean, erretiratzekotan ere egon nintzen, eta marka hark aurrera egiteko indarra eman zidan.
Marka lortu orduko, gainera, Ondarroan ere omenaldi beroa egin zizueten. Zelakoa izan zen?
Horrelako gauzak beti politak izaten dira. Beste bizkaitar bat ere Munduko txapelduna izan da, eta bere herrian ez da inor ohartu ere egin domina lortu duenik. Nik esan nionenan Ondarroan turrunak jo zuela eta omenaldia egin didatela, harrituta geratu zen. Herri txiki baten izaeraren gauza politak dira horrelako aitortzak jasotzea. Oso positiboa da, eta norberak egiten duenagaz jarraitzeko grina ematen dute horrelakoek.
Orain ez zara txapelketa askotara aurkezten. Hau noiztik zenuen pentsatuta prestatzea?
Urte hasieratik txapelketa hau prestatzea jarri nuen helburu. Urtea hasi orduko, egutegian begiratzen dut ze txapelketek motibatzen nauten, eta horren arabera, bat edo bestea prestatzen hasten naiz. Nire helburua Munduko master txapelketan itxura ona ematea zen, eta hasiera batean espero baino hobeto aritu naiz.
Orain momentuan zertan ari zara?
Batez ere, Ondarroan eta Durangon gazteak entrenatzen nabil azkenaldian. Niri ere ez zait gustatzen geldirik egotea, eta askotan eurekin batera entrenatzen dut.
Hurrengo hilabeteei dagokienez, zer helburu dituzu?
Orain, egia esan, buru-belarri nabil atletismoa gazteei erakusten. Egia esan, ez dut ze lasterketa dauden begiratu ere egin. Orain atletismoak bizirik irauten duen ahalegintzen ari naiz, eta entrenatzen ditudan gazteen artean ea nire markak hobetu edota datorren urtean Euskal Herriko txapelketan irabazi ahalko didan batek batek irteten duen.
Absolutu mailan hainbat txapelketa irabazi eta marka ezarri zenituen. Gaur egun badago zuri txapela kendu ahal dizunik?
Momentu honetan, ez dut uste. Izan ere, atletismoan beste kirol batzuekin alderatuta ez dabil jende askorik. Diru laguntza aldetik ere, ez dago gauza oso fin. Nik eskerrak bere garaian Ondarroan Orkatzen Peñi ipini zela martxan. Euren eta etxekoen laguntzari esker, modu handi batean mailarik gorenean lehiatzen jarraitzeko aukera izan nuen. Baina beste batek, nik izan nuen moduko laguntzarik barik, zaila du aurrera jarraitzea.
Atletismoaren etorkizuna zer nola dagoela esango zenuke?
Zoritxarrez, gaur egun ez dago bere egoerarik onenean.