Denentzako jaiak eskatzen jarraituko du Potxuakek
San Antolin jaiak amaituta, jaietako eraso sexisten balorazioa egin du Lekeitioko emakume feminista taldeak. Zoritxarrez, oraingoan ere ipurdi ikutzeak, ezetzak ez onartzeak eta gainean edukitzeak sarri pasatu direla azaldu dute. Hori dela eta, jaietan...
Egunerokotasunean ematen diren genero rol eta indarkeriak jaietan eztanda egiten dutela jakinda, autodefentsa feminista aldarrikatuz, eraso sexisten kontra agertuz eta jaiak denentzako gozagarriak izan behar zirela helburu edukita hasi zituzten jaiak Potxuak Martxanekoek. 300 lagun batu zituen elkarretaratzea antolatu zuten, bestelako jai eredu bat eta bestelako harreman eredu bat aldarrikatuz. Horretaz gainera, protokoloa ere martxan jarri dute jaietan, eta autodefentsa feminista aldarrikatu dute 700 txiribito banatuta. «Antzar Egunean ere, inoiz baino ageriago egon zen gure aldarria, banderola lilak non-nahi egon ziren. Antzar Eguneko esatariak zoriontzen ditugu berdintasunaren aldeko mezuak zabaltzen laguntzeagatik, bai eta manifestazioan zein jaietan sare feminista osatu duten norbanako guztiak ere», nabarmendu dute.
Bestalde, jaietako pregoian, eraso sexisten kontrako mezuren bat egotea bota dute faltan, «momentu guztiak eta leku guztiak aprobetxatu behar direlako eraso sexisten kontra egiteko».
Helburu bakarra dutela adierazi dute Potxuak Martxaneko kideek: «Lekeition denok gustura eta lasai egongo garen jaiak egitea». Bestalde, Euskal Herriko beste hainbat herri eta hirietako jaietan salaketak egon direla gogora ekarri dute. Hori dela eta, eraso sexistarik gabeko herri baten alde lanean jarraituko dutela azpimarratu dute, «horretarako tresnak sortzen eta laguntzak topatzen». Taldeagaz batera borroka feministan lanean jarraitu nahi duenari potxuakmartxan@gmail.com helbidera idatzi eta Lekeitio morez margotzeko gonbidapena egin diote.