Usadio zaharrei eutsita ospatu dute Piñastei Eguna
Mahonezko arropa soinean eta arrantzale zapia lepoan lotuta hasi dute eguna mutrikuarrek. Goizeko zein arratsaldeko sokamuturrak oso jendetsuak izan diraAtzokoan Piñastei egunak moilara eraman zituen Mutrikuko Galbaixoak. Ohitura zaharrei hutsik egin ...
Mahonezko arropa soinean eta arrantzale zapia lepoan lotuta hasi dute eguna mutrikuarrek. Goizeko zein arratsaldeko sokamuturrak oso jendetsuak izan dira
Atzokoan Piñastei egunak moilara eraman zituen Mutrikuko Galbaixoak. Ohitura zaharrei hutsik egin gabe, mahonezko arropa soinean eta arrantzale zapia lepoan lotuta hasi zuten eguna mutrikuarrek.Piñasteiko txerria eta bi txerri kumeak aurretik zituztela, herritarrak kalejiran joan ziren portura. Betiko modura, Goiko Plazatik irten zuen kalejirak bandako doinuek alaituta, buruhandi eta erraldoi konpartsarekin batera. Kalejira moilara helduta, jaiak eztanda egin zuen portu eta inguruetan guztia urdinez tindatuz.
Ordurako, herritarrak sardina erreak prestatzen hasita zeuden kofradia azpiko arkupean. 11:00ak inguruan biztu zituzten parrillak, eta arrain usain goxoa moila guztian zabaldu zen.
Beti-betiko jolasak
Bien bitartean, gainera, Aizabia elkarteko kideen eskutik, beti-betiko jolasak egin zituzten moilako sarreran. Besteak beste, bizikleta edota patinete gainean jarrita, sokatik zintzilik zeuden uztai txikiak harrapatzen aritu ziren, eta horrez gain, lurrezko itsulapikoak apurtzen ibili ziren, itsu-itsuka. Hainbesteko lanak hartuta gero, gainera, euren saria izan dute eltze apurtzen eta uztaiak harrapatzen ibili ziren guztiek.
Horrez guztiaz gain, Mutrikuko zinga txapelketa ere egin zen portuko uretan. Arraun elkartekoen eskutik, garai bateko kirola ezagutzeko aukera izan zuten askok. Parte hartu zuten guztien artean markarik onena egin zuten herritarrak Jon Koldo Romero eta Joxemi Bedialauneta Papardo izan ziren. Bien arteko azken buruz burukoa oso lehiatua izan bazen ere, hiru segundoko abantailarekin Bedialaunetak jantzi zuen txapel preziatua.
Jarraian, eguerdiko sokamuturra hasi zen. Zezenen aurrean ipini, eta saltaka egitera ausartu zirenak animaliarengandik hurbil ibili ziren; batzuk, gainera, adarrei helduta ere ibili ziren. Hainbeste korrikaldi egin eta gero, 14:30ak inguruan amaitu zen eguneko lehen sokamuturra.
Ahateen atzetik igeri
Arratsaldean ere zer ospatua eduki zuten mutrikuarrek. Besteak beste, ahateen harrapaketa eta kukaña egin zituzten. Gomazko ahateen atzetik igeri dozenaka haur ibili ziren. Kukañan, ordea, bederatzi izan ziren ikurrina hartzera ausartu zirenak. Ahalegin ugari egin eta gero, Babacar Senek eskuratu zuen ikurrina eta 50 euroko saria.
Arratsaldeko sokamutur jendetsuak agurtu zuen jaietako azken eguna. Galbaixoek, ordea, ez dute etenik. Izan ere, domekan ere zer ospatua egongo da Galbaixoko ermitaren inguruetan Galbaixotarren Egunean.