Nekazal azoka eta esku pilota partidak egongo dira domekan
Baserri azokak eta pilota partidek girotuko dute Ispaster, domekan. 10:00etatik 14:30era bitartean, dozena bat erakusmahaitik gora egongo dira elizaren alboko frontoian.Zer ikusi eta zer erosi izango da: barazki eta ortuariak, artisauak, Idiazabal gazt...
Zer ikusi eta zer erosi izango da: barazki eta ortuariak, artisauak, Idiazabal gazta, baserriko ogia, gozoa, sagar zukua, ahatekia, baserriko hanburgesak…
Guztira Lea-Artibaiko 11 ekoizle euren produkturik onenekin aurkeztuko dira azokan. Halaber, lau artisauk euren eskulanak erakutsi eta salgai ipiniko dituzte. Besteak beste, eskuz egindako bitxiak eta arropatxoak egongo dira; bestalde, datorren urteko Ibilaldiko materiala ere eskuratu ahalko da. Gainera, Natividad Picazak abarketak egiteko ikastaroa emango du.
Eta aurtengo berrikuntza animalien erakusketa izango da. Ispasterko eta inguruko herrietako abeltzainen animaliak egongo dira ikusgai. Tartean, behiak, astoak, poneyak, euskal artzain txakurrak, ardiak eta ahuntzak.
Jan-edanik ez da faltako; ohitura moduan, txahala erreta dastatzeko tartea ere hartuko dute eguerdi partean. Hain zuzen ere, 11:00etatik 15:00etara, parrilan prestaturiko okela erreko dute. Eta txakolina eta sagardoa dastatu ahalko dituzte azoka gunean bildutakoek.
Bestalde, pilotalekura doazenek hiru partidagaz gozatuko dute. Lehenik gaztetxoak ariko dira; ostean, pilotari profesional izandakoen txanda izango da.
Profesional ohien partida
12:00etan hasiko da Lopez-Aimar eta Arrizabalaga-Joseba bikoteen arteko norgehiagoka. Jarraian, Albizua-Anitua eta Okamika-Garro bikoteek jokatuko dute elkarren kontra. Gero, 13:00ak aldera hasiko da profesional ohien lehia. Asier Olaizolak eta Uriondok, Agirre eta Behobideren aurka jokatuko dute.