Udalak autobus geltokiak bete beharreko baldintzak bete dituela dio
Ondarroako Udalak Kamiñazpiko autobus geltokia «irisgarritasun eta segurtasun baldintzak beteaz» egokitu dutela adierazi du.Izan ere, berritu duten geltokiak zeresana eman du azkenaldian; bai herri mailan bai eta sare sozialetan ere oihartzuna eduki...
Izan ere, berritu duten geltokiak zeresana eman du azkenaldian; bai herri mailan bai eta sare sozialetan ere oihartzuna eduki du. Eta horren harira, Ondarroako Udalak azalpenak ematea erabaki du gaizki ulertuak ekiditeko.
«Autobus geltokiaren ingurua eremu altuagoan antolatu da, autoak geldiarazteko eta oinezkoari garrantzi handiagoa emateko helburuagaz», adierazi dute udal ordezkariek.
Hala, geltokia leku berean laga dutela diote. «Inguruaren baldintzek ez zuten beste aukerarik ematen. Aurretik zegoen geltokiak ez zituen irisgarritasun baldintzak betetzen. Horrez gain, bertara heltzeko bidea zeharkatu behar zen, eta zebrabiderik ez zegoen».
Euriarengatik babesteko
Egokitzapenak eginda, orain, zebrabideagaz, espaloietatik jendea «modu seguruan» pasatzeko aukera dagoela gaineratu dute. «Geltokiaren alboko itxitura kenduta, geralekua txikiagoa egin ahal zen, eta modu horretara, zebrabidea bereiztuta geratuko zen. Kendu beharreko itxitura, baina, mendebaldekoa zen, eta aukera horren alde eginez gero, haizetik eta euritik babestu gabe geratzen zen», zehaztu dute.
Beraz, arazo horren aurrean, udal arduradunek geltokiaren tamaina ez aldatzeko erabakia hartu zutela azaldu dute: «Alboko itxitura mantentzeko erabakia hartu genuen».