Madariaga Dorretxea hobetzeko lanen bigarren faseari ekin diote
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zerbitzu teknikoaren eta Patronatuaren bulegoak Gernika-Lumoko Udetxea jauregitik Madariaga Dorretxera lekualdatu dituzteEusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldutakoaren arabera, ...
Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zerbitzu teknikoaren eta Patronatuaren bulegoak Gernika-Lumoko Udetxea jauregitik Madariaga Dorretxera lekualdatu dituzte
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldutakoaren arabera, Busturiko Madariaga Dorretxean kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitatea Zentroa hobetzeko eta eguneratzeko lanen bigarren fasea hasi dute asteon; astelehenean hasi zituzten lanak, hain zuzen ere.Udan zentroak hartzen dituen bisitariak «asko» izaten direla eta, lanen bigarren fasea irailerako uztea erabaki zuten, «horiei guztiei eragozpenik ez sortzeko». Lanok abenduan amaitzea aurreikusten dutela esan du Oregik.
Asteon hasi dituzten lanon bitartez, Biodibertsitate Zentroko erakusketaren ibilbideak egokitu gura dituztela jakinarazi du Oregik: «Ibilbidea aldatzeak bisitarientzako arretarako gunea eta komunetarako sarbidearen aldaketa ekarriko du».
Era berean, lantegietarako sarbidea ere berrantolatuko dutela aipatu du. Bestalde, egun beheko solairuan dauden zenbait instalazio gela lekualdatu egingo dituzte. Izan ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbari balioa eman gura diote, eta gune hori aprobetxatuko dute horretarako. Oregik jakinarazi duenez, «Madariaga Dorretxeko beheko solairu horretan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren dokumentazio bibliografikoko zentroari eremu bat egokitzea da asmoa».
Dokumentazio bibliografiko hori Gernika-Lumoko Udetxea jauregian egon da orain arte, Urdaibaiko Patronatua zegoen leku berean. Uztailetik, baina, Urdaibaiko Patronatuak kokagune berria du, bai eta Biosfera Erreserbaren zerbitzu teknikoak ere. Bien bulegoak Madariaga Dorretxean daude orain.
Aldaketa hori «baliabideak arrazionalizatzeko eta kostuen bikoiztasunak saihesteko» egin dituztela azaldu du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.
Halaber, behe solairuko erabilera anitzerako espazioa zatitu egingo dute bigarren faseko lanetan. Orain arte, gune horrek bi erabilera zituen; erakusketarako gunea zen, eta kafetegiak jangela modura ere erabiltzen zuen. Lanokin bi eremu bereiziko dituzte. Hala, zentroko kafetegiak bere jangela eduki ahalko du.
Gainera, kafetegia eraikinaren gainerako zerbitzuetatik bereizi egingo dutela dio Oregik, eta Biodibertsitate Zentroko dendak ere leku berria izango du, behe solairutik sotora eramango dute, hain zuzen ere.
Sarbide berria
Lehenengo faseko lanak uztailean egin zituztela jakinarazi du Oregik. Hala, Euskadiko Biodibertsitate Zentrorako sarbide berri bat egin dute. Sarbidea, Madariaga Dorretxearen hego-mendebaldean dagoen plazan ezarri dute, hain zuzen ere; zehazki, estilo neoklasikoko erloju-dorrearen ondoan. Sarbide berritik goiko solairuetako bulegoetara heldu daiteke, bai eta be- heko solairuko erakusketa gunera ere.
Urdaibaiko Patronatuaren eta Biosfera Erreserbaren zerbitzu teknikoaren bulegoak Madariaga Dorretxean ezarri direnez, goiko solairuetan ere moldaketa batzuk egin behar izan dituztela azaldu du Oregik. Izan ere, bulego gehiago izateko gune berri bat gaitu behar izan dute, eta, aipatu duenez, hainbat instalazio egokitu behar izan dituzte.