Herritarrak ingurunea babestearen alde biltzeko aldarria egin dute
Karraspioren aldeko eguna jai giroan eta aldarrikapenez beterik ospatu duteDomekan jai giroan ospatu zuten Karraspioren aldeko eguna. Eguraldiak lagundu ez arren, goizetik herritar ugari bildu zela esan dute antolatzaileek.SOS Karraspioko kideek, honda...
Karraspioren aldeko eguna jai giroan eta aldarrikapenez beterik ospatu dute
Domekan jai giroan ospatu zuten Karraspioren aldeko eguna. Eguraldiak lagundu ez arren, goizetik herritar ugari bildu zela esan dute antolatzaileek.SOS Karraspioko kideek, hondartzaren inguruan aparkalekua egin, eta 24 etxebizitza eraikitzeko proiektua bertan behera gelditu izana ospatzeko antolatu zuten ekimena.
Lehenengo, 09:30ak aldera mendi ibilaldiari ekin zieten. Karraspio hondartzatik Mendexa goiko alderantz abiatuko ziren. Hain zuzen ere, proiektua egitekoa zen ingurutik igo ziren. Likona eta Leagatik auzoetatik pasatu, eta ibilbidea hasitako leku berera heldu ziren. Hala, inguru- neaz gozatuz, pare bat orduko ibilaldia egin zuten.
Ondoren, dzangada egin zuten. «Uretara sartu eta euria hasi zen berriro ere», azaldu dute.
Gero, 12:30ak inguruan, eguneko ekitaldi nagusia egin zuten. Karraspio babesten parodia popularra antzeztu zuten, «proiektuaren kronologia egineda, azalpenak emanez».
Jarraian, ospakizun topa egin, eta konpromisoaren argazkia atera zuten. Pintxoak eta musika ere ez ziren falta izan, eta kantu saioa ere egin zuten. Gainera, Mendexako ortuariekin osaturiko azoka ere egon zen. Halaber, proiektuaren berri emanez informazio oholak ipini zituzten, egindako ekimenen errepasoa laburbiltzen zuten argazkiekin.
Egun horretarako beren-beregi prestaturiko adierazpena irakurri zuten eguerdiko ekitaldian. Bertan nabarmendu zuten herritarren artean Karraspio ingurua «porlanez betetzeko proiektua» bertan behera geratzea lortu dutela, eta hori «benetan poztekoa» dela.
Lege «eraginkorren» falta
Hala ere, «kezkatuta» egoteko arrazoiak badaudela esan zuten: «Proiektua gelditzeko egindako bide korapilatsuan, konturatu gara ingurua babesteko lege, neurri edo arau argirik ez dagoela. Karraspio ingurua ez dago babestuta, eta bihar edo etzi etor liteke promotoraren bat beste proiektu bategaz, eta berriro ere zerotik hasi beharko genuke proiektu hori gelditzeko bidea».
Era berean, salatu zuten hemengo erakundeetan ez dagoela ingurunea behar bezala babesteko «lege eraginkorrik».
Herritarrak ingurunea norbere biziraupenarekin estu lotuta dagoela jakitun izanda, eta ingurunea babesteko kontzientzia hartuta, erakundeen aldetik ingurunea babesteko «neurri zorrotzak» ez hartzea ulertzeko erreza ez dela adierazi zuten. «Inguruneak zeresan handia du gure ongizatearen eta osasunaren garapenean. Guztiok inguruneaz gozatzeko eskubidea dugu, eta aldi berean, ingurumena zaintzeko, errespetatzeko eta babesteko betebeharra dugu».
Karraspion gertatutakoak inguruaren zaintza erakundeengan «ezin dela utzi» erakutsi duela azpimarratu zuten. Halaber, proiektua defendatu duten erakundeak «legeen gainetik» aritu direla salatu zuten. Haien ustez, partikularren interes ekonomikoek indar «handiegia» hartu ahal dezakete gaur egungo sisteman, «herriaren interesen gainetik jartzerainokoa».