80 euroan saldu da Galbaixo Txiki Eguneko marmitako irabazlea
Josebe Mendizabal 'Goxerri' eta Zigor Andonegiren marmitakoa izan da aurtengo onena. Haurrek ere euren neurrira egindako egunarekin gozatzeko aukera izan duteAtzokoan, Galbaixo Txiki Eguna sukaldean hasi zuten mutrikuarrek. Zehatz esanda, Txoko Eder el...
Josebe Mendizabal ‘Goxerri’ eta Zigor Andonegiren marmitakoa izan da aurtengo onena. Haurrek ere euren neurrira egindako egunarekin gozatzeko aukera izan dute
Atzokoan, Galbaixo Txiki Eguna sukaldean hasi zuten mutrikuarrek. Zehatz esanda, Txoko Eder elkarteak antolaturiko 25. Marmitako lehiaketan batuta hasi zuten eguna askorek.Beheko Plazan batu ziren hamasei bikoteek osagai berekin prestatu behar izan zuten lehiketara aurkeztu beharreko platera, eta gerokoan, talde bakoitzak bere era propioan prestatu zuen.
Bikoteek buru-belarri lanean jarraitzen zuten bitartean, erraldoien eta buruhandien konpartsak kalejiran irten zuen. Herriko txistulariak lagun zituztela, kaleak girotzen ibili ziren.
Kontzertu paregabea
Kalejira amaitu orduko etxeko txikienak zain egon ziren unea heldu zen. Gazteenak Arno ganadutegiko zezen txikien aurretik saltaka ibili ziren, eta txikienek pottoken gainean gozatzeko aukera eduki zuten. Pottoken artean, pottoka kume bat ere ekarri zuten, eta hura ikusten ondo baino hobeto pasa zuten gehienek.
Aldi berean, Mutrikuko Musika Bandak Galbaixoetako emanaldia eskaini zuen, Beheko Plazan. Plaza bete jenderen aurrean kontzertu paregabea eskaini zuten, eta ikusleek txalo zaparrada artean hartu zituzten musikariak. Ohi bezala, eskainitako pieza ederrez gain, beste pieza bat jo zuten han batutako guztien gozamenerako. Herritarrek pozik entzun eta abestu zuten Mutriku herria azken kanta.
Aitak erakutsi modura
Eguerdiko ekimenei amaiera emateko, 25. Marmitako lehiaketako sariak banatu ziren Beheko Plazan. Itxura, kolorea, salda eta zaporea kontuan eduki ondoren, Josebe Mendizabal Goxerri-ren eta Zigor Andonegiren marmitakoa onena zela iragarri zuten antolatzaileek.
Irabazleek pozik hartu zuten 250 euroko saria eta txapela, Jose Angel Lizardi alkatearen eta antolatzaileen eskutik.
Txapela soinean, irabazleak pozez gainezka agertu ziren. «Ez genuen espero. Hain zuzen ere, ezustean harrapatu gaitu. Gure asmoa aurrean ibiltzea zen, baina lehen postua lortzea sekulakoa izan da, ez sinisteko modukoa. Beste batzuetan ere nahikoa aurrean ibili izan gara; besteak beste, hiru aldiz laugarren postua lortua genuen, eta aurten espero gabe, gurea izan da lehen saria», azaldu zuen Goxerrik.
Marmitakoa egiteko sekretuari dagokionez, aitak erakutsitako erara egin zutela nabarmendu zuen Mendizabalek.
Azkenik, enkantea egin zen. Beheko Plazan batutakoek 40 eurotik gora egin ahal izan zuteneuren eskaintza; 80 euroan saldu zen irabazleen marmitakoa, guztien artean garestiena.
Euria zela eta, jaietako bigarren sokamuturrean ohikoa baino jende gutxiago batu zen aterkien babesean, eta korrikalariek ere kontu gehiago eduki behar izan zuten.
Galbaixo Txiki Eguna haurren neurrira Beheko Plazan egindako berbernarekin agurtu zuten.