Partida ikusgarriekin estreinatu dute Miruaitz frontoia
Mutrikuko Miruaitz frontoi berritua bezain ikusgarriak izan ziren bere estreinako partidak, zapatuan, eta pilota zaleak oso gustura geratu ziren, bai frontoiaren itxura aldaketarekin bai eta partidekin. Lehen partida jokatu zuten afizionatuek, batez er...
Lehia eta emozioa ziurtatuta zeudela aurreratu zuten antolatzaileek, eta horrela izan zen. Barandika eta Salegi alde batetik, eta Alberro eta Garita bestetik, gogotsu atera ziren kantxara, maila handia erakutsiz. Partida bikaina jokatu zuten lau pilotariek, eta berdintsu ibili baziren ere, markagailuak alde batera edo bestera egin behar zuela eta, azkenean, Barandika eta Salegirentzat izan zen garaipena. Bi tantoko alde estuarekin irabazi zuten, markagailua 25 eta 23 utziz. «Partida bizia eta emozioz betea eskaini zuten, eta publikoa gustura geratu zen», azpimarratu dute Danok Bat elkartekoek.
Goiko eta Leke nagusi
Goikoetxeak eta Lekek irabazi zuten, ondoren jokatu zen, jaialdiko partida nagusia. 25 eta 19 irabazi zieten Foronda eta Inzari.
Goikoetxea bikain ibili zen, bere ohiko mailan, eta Leke bidelagun ona izan zuen. Forondak ere partida txukuna eskaini zuen, baina Inza ibili zen hasieran galduago. Iparraldeko atzelaria motel hasi zen, eta ordaindu egin zuen gero.
18. tantora arte nahikoa pareko ibili ziren bikote biak markagailuan, baina, amaierara, bere gaitasun guztiak atera zituen Goikoetxeak kantxara, eta geratzea ezinezkoa egin zitzaien aurkariei.
Punta-puntako partidek eta frontoi berritua ikusteko gogoak lagun asko batu zituen Miruaitz frontoian. Pilota «ondo-ondo» ikusten zela baieztatu zuten, gainera, maila handiko jokalariek.