Jaietako azken txanpan sartuta
Euriak baldintzatutako Sukalki Eguna ospatu zuten zapatuan, Talan. Hala eta guztiz ere, herritar askok ez zuten hutsik egin, eta 142 kazola aurkeztu zituzten Eleizaldek antolatutako txapeketara.Oraindik atsedenerako tarterik ez dute hartu bermeotarrek....
Euriak baldintzatutako Sukalki Eguna ospatu zuten zapatuan, Talan. Hala eta guztiz ere, herritar askok ez zuten hutsik egin, eta 142 kazola aurkeztu zituzten Eleizaldek antolatutako txapeketara.
Oraindik atsedenerako tarterik ez dute hartu bermeotarrek. Asteburu luzea izan dute aurretik. Zapatuan, esaterako, Talara mugitu zuten festa, Sukalki Egun handia ospatzen baitzuten Andra Mari eta Santa Eufemia jaien baitan. Eguna, baina, euriak baldintzatu zuen, eta ohikoa baino kazola gutxiago aurkeztu zituzten. Hala ere, «giro ona» ez zen falta izan.Goizean goiz hasi ziren Talako txoko guztiak betetzen, eta gutxika-gutxika suak pizten eta okelaz eta patataz egindako gisatua prestatzen hasi ziren bertaratutako kuadrillak. Gazteek zein nagusiek parte hartzen dute urtero Eleizalde ikastolak antolatzen duen sukalki txapelketan, eta euria egin arren, herritar askok ez zuten hutsik egin. 152 kazolek eman zuten 41. sukalki txapelketarako izena, baina 142 izan ziren aurkeztutakoak.
Doniene garaile
Guztira, 91 sari banatu zituzten parte hartzaileen artean, eta lehenengo saria Doniene kazola aurkeztu zutenek jaso zuten. Gainera, sari berezi bi ere banatzen ditu Eleizalde ikastolak; bata gazteen arteko sukalki onenari ematen diote, eta bestea, izenik bitxienari. Epaimahaiarentzat aurtengo izenik bitxiena hurrengoa izan da: Zirimiri eta kresala, Talapeko laminen ala.
Sukalki txapelketa, baina, ez da egunotan izan duten gauza bakarra. Izan ere, asteburu osoa jai giroan eman dute bermeotarrek. Besteren artean, batel estropadak, umeentzako tailerrak, musika emanaldiak eta kontzertuak, antzerkiak, euskal oiloen erakusketa, artisautza azoka, txirrindularitza lasterketa, herri kirolen erakustaldia, suzko zezena eta Senegalgo borrokaldiak izan dituzte aukeran.
Atzo ere, nahiz eta astelehena izan, umeek bitsaren jaiagaz eta ur jaurtiketagaz ondo pasatzeko aukera izan zuten, eta umeen zein nagusien play back txapelketa, esku pilota txapelketa eta nagusientzako herri bazkaria egon ziren, besteak beste.
Danborrada
Jaietako azkenengo txanpan sartu dira bermeotarrak. Gaur arratsaldean, urtero modura, danborradak iragarriko du biharko Santa Eufemia eguna. Oraingoan nagusiak izango dira 18:00etan hasita herriko kaleak danbor hotsekin beteko dituztenak.