Jaiak ermitatik herrira jaitsi dira
Ohitura modura, ermita alboko zelaietan hamaiketakoa egin dute askok. 300 goitibehera baino gehiagok jaitsi dute Galbaixo eta Mutriku arteko tarteaAsteburuko ospakizunen ondoren, atzokoan Galbaixo Eguna goi-goitik ospatzea tokatu zen Mutrikun. Urteroko...
Ohitura modura, ermita alboko zelaietan hamaiketakoa egin dute askok. 300 goitibehera baino gehiagok jaitsi dute Galbaixo eta Mutriku arteko tartea
Asteburuko ospakizunen ondoren, atzokoan Galbaixo Eguna goi-goitik ospatzea tokatu zen Mutrikun. Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, asko eta asko izan ziren Galbaixoko ermitaren inguruetara gerturatu zirenak.Asko, gainera, ohitura den modura, hamaiketakoa hartuta igo ziren, eta erromeria giroa kuadrilla edota familia giroan ospatu zuten ermita inguratzen duten zelaietan jan-edanean.
Kandelak argitzen
Era berean, urteroko ohiturei jarraituz, goizeko mezen ondoren ermitan kandela piztu zuten herritarrak ere asko izan ziren.
Masillas ontziaren jabeak zirenak eta haien lagunek ere, atzokoan ez zuten hutsik egin, eta urteroko ohiturei eutsita, ermitaren estalpean batuta, kantuan ibili ziren ontziaren erreplikaren azpian.
Eguerdi partean egindako herri kirol erakusketari dagokionez, Galbaixon batutakoen artean ikusmin handia sortu zuen. Alde batetik, Ugaitz eta Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrek seina enbor moztu zituzten, eta, bestetik, Inhar Urruzuno ondarrutarra eta Inaxio Perurena harri jasotzen ibili ziren han batutako guztien gozamenerako.
Kirolarien lanak amaitu orduko, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek girotuta, erromeriak aurrera jarraitu zuen. Nahi izan zutenek dantzarako tartea ere izan zuten.
Ziztu bizian
14:15 inguruan botatako txapliguak, ordea, lehen goitibeherak Mutriku aldera jaisteko prest zeudela iragarri zuen. Euren txanda gordeta, bata besteraren atzetik herrigunearekin banatzen dituzten 2,5 kilometroak ziztu bizian egin zituzten. Guztira, 300 goitibehera baino gehiago izan ziren.
Goikoi Plazan sartzen azkenak, ohi modura, Potronor kuadrillakoak izan ziren. 16:25 inguruan ailegatu ziren plazara, espero baino beranduago. Izan ere, goitibehera bateko gazteek istripua izan zuten, eta anbulantziak igo behar izan zuen zaurituen bila.
Arratsaldean, ordea, Galbaixo jaietako lehen sokamuturrean gustura asko ibili ziren mutrikuarrak. Egan taldearekin dantzan agurtu zuten eguna.