VI. Arno Trail mendi lasterketa egingo da domekan
Lasterketa gogorra dela badiote ere, parte hartzaileak «leku zoragarrietatik» pasako direla diote antolatzaileek. Egunean bertan ere izena eman ahalko daMutrikuko Kalbaixoko Kofradiak antolatuta, VI. Arno Trail Sprinta Race mendi lasterketa lehiatuko...
Lasterketa gogorra dela badiote ere, parte hartzaileak «leku zoragarrietatik» pasako direla diote antolatzaileek. Egunean bertan ere izena eman ahalko da
Mutrikuko Kalbaixoko Kofradiak antolatuta, VI. Arno Trail Sprinta Race mendi lasterketa lehiatuko da domekan, Kalbaixo inguruetan zehar. Kirola egiteagaz batera, Mutrikuko Kalbaixo auzoa eta hango inguruak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.Kalbaixoko ermitaren ondoan hasiko da lasterketa, 11:00etan, eta Laranga, Ibiri eta Astigarribia auzoak zeharkatuko dituzte korrikalariek joan-etorrian, berriz, Kalbaixon amaitzeko. Guztira, zazpi kilometro eta erdi izango dira, 1.146 metroko desnibel metatuagaz. «Mendi lasterketa laburra da; gehienez ordu eta laurden inguruan egiteko modukoa», azaldu dute antolatzaileek.
Izena emateko aukera zabalik dago www.herrikrosa.com webgunean. Hala ere, egunean bertan ere izena eman ahal izango dela jakitera eman dute antolatzaileek. Hori 09:30etik aurrera egin ahalko da, irteera gunean ipiniko duten mahaian. «Lasterketa gogorra da, mendian gora eta behera ibili behar delako, baina motza denez, aukera ona da mendi lasterketa bat probatzeko», animatu dute Kalbaixoko Kofradiakoek. Gainera, ibilbidea «leku zoragarrietatik» igarotzen dela azpimarratu dute. «Kosta guztia ikusten da».
Sariak eta opariak
Lehenengo hiru neska-mutilek izango dute saria, bai eta lehenengo beteranoek eta lehenengo mutrikuarrak ere. Horretaz gainera, partaide guztien artean hainbat afari eta opari zozkatuko dituzte. Kamisetak ere egongo dira parte hartzaile guztientzat. «Parte hartzaileak goiz on bat pasatu eta hemendik pozik joatea da gure helburua», azpimarratu dute antolatzaileek.
Zehatz esateko, lehenengo hiru neska-mutilek ondoko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren: 100 euro eta txapela, 60 euro eta 40 euro. Lehendabizi helmugaratzen den mutrikuarrak, ostera, txakolin kit bat eskuratuko du.