Sukalkirako prestatzen
Arrantzale Eguna eta Andra Mari Hirugarrena atzean utzita, asteburuak eskainiko duenari begira daude bermeotarrak. Gaur eta bihar, Bermeorako tren zerbitzu berezia eskainiko du gauez, Euskotrenek.Biharamuna gainetik kendu ezinean dabiltza bermeotarrak....
Arrantzale Eguna eta Andra Mari Hirugarrena atzean utzita, asteburuak eskainiko duenari begira daude bermeotarrak. Gaur eta bihar, Bermeorako tren zerbitzu berezia eskainiko du gauez, Euskotrenek.
Biharamuna gainetik kendu ezinean dabiltza bermeotarrak. Astelehenean hasi zituzten Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak; herenegun ospatu zuten Arrantzale Eguna, eta, orain, asteburuari aurre egiteko prestatzen ari dira. Izan ere, jaietako beste egun garrantzitsu bat ospatuko dute bihar; Eleizalde Ikastolak antolatzen duen Sukalki Eguna, hain zuzen ere.Bihar Talara mugituko dute festa. Goizean goiz hasita, kuadrillen arteko lehia bizia sortuko da. Suak piztuko dituzte okelaz eta patataz egindako gisatua egiteko eta orduan aurkeztu ahal izateko. Sukalkia giro onean egin ahal izateko, musikarik ez da faltako Talan, trikitilarien eta gaiteroen kalejirak egongo baitira.
Parranda egiteko gogoa duenak, hala ere, gaur ere horretarako aukera izango du. Batetik, batel estropadak egongo dira; bestetik, Mozorro eguna izango dute txosnetan, eta, azkenik, Lameran zein Bermeoko Kafe Antzokian kontzertuak egongo dira.
Horregatik, gaur gauez Bermeora hurbiltzeko erraztasunak eman asmoz, tren zerbitzu berezia eskainiko du Euskotrenek. Hala, Gernika-Lumotik Bermeora 23:11tik hasita, orduro egongo dira trenak, 02:11n izan ezik. Bermeotik, 23:40an aterako da gaueko lehenengo trena, eta 02:40an izan ezik, orduro egongo da trena. Bihar gauean ere tren zerbitzu berezia eskainiko dute Gernika-Lumo eta Bermeo artean; hala, orduro egongo dira trenak.
Umeak jolasean
Herriko txikienek ere ondo pasatzeko aukera izango dute gaur. Arratsaldean, Erreten parkean, MB 2000 zerbitzu soziokulturalak eta Batun Batun aisialdiko elkarteak horientzako hainbat tailer egingo ditu. Gainera, pottoken gainean osteratxo bat emateko zein Tarratadiek antolatutako txapel jaurtiketan parte hartzeko aukera egongo da.
Atzo ere, herriko bizilagun askok biharamuna pasatzen zuten bitartean, umeek ondo pasatzeko aukera izan zuten Gonzalo Nardiz enparantzan. Goiz esnatuta, puzgarrietan eta jolas desberdinetan parte hartzera hurbildu ziren. Errenkada luzeak itxaron behar zituzten jolasean aritzeko. Goizean zein arratsaldean izan zuten saltoka eta jolasean ibiltzeko aukera. Beranduago, agertokia aldatu zuten askok, eta Irakaskintza kalera joan ziren kale antzerkiaz gozatzera. Bertaratutakoek txokalate beroa dastatzeko aukera ere izan zuten.
Kanta kanta lorue
Udan motorrak berotzen ibili ostean, herriko kaleak kantuz bete zituen atzo iluntzean Kanta kanta lorue ekimenak.
Taldeetan banatuta, bakoitzak ibilbide bat egin zuen, eta Artza frontoian batu ziren guztiak azken ekitaldia egiteko.
Errepertorio zabala zuten prest; tartean, Bermioko portuan bezalako udalerriko kanta ezagunak abestu zituzten. Beste zenbait abesti ospetsu ere kantatu zituzten: Lau teilatu, Aitormena, Xalbadorren heriotza…
Kanta kanta lorue ekimenaren amaierako ekitaldiaren ostean, bertsolarien saioagaz gozatu zuten Artzan bildutakoek.