Ramonita Osa eta Fermin Andonegi omendu dituzte Samikollako jaietan
Osak eta Andonegik ia bizi osoa daramate auzoan bizitzen. Bikoteak pozez gainezka jaso du jai batzordeak eman dion lore sorta. Meza ondoren, hamaiketakoan batu dira auzotarrakAzken urteotan egin modura, atzo ere, Mutrikuko Samikollako auzotarrak omendu...
Osak eta Andonegik ia bizi osoa daramate auzoan bizitzen. Bikoteak pozez gainezka jaso du jai batzordeak eman dion lore sorta. Meza ondoren, hamaiketakoan batu dira auzotarrak
Azken urteotan egin modura, atzo ere, Mutrikuko Samikollako auzotarrak omendu zituzten. San Nikolas santuaren eskainitako ermitaren aurreko zelaian egin zen meza amaitu orduko etorri zen eguneko unerik hunkigarriena. Jai batzordeko kideek horrela erabakita, aurtengoan bikote bat izan zen omendua: Ramonita Osa Mote eta Fermin Andonegi.88 urteko Osak eta 91 urteko Andonegik ia bizi osoa daramate auzoan bizitzen, eta bertokoen aitortza ilusio handiz jaso zuten. Izendapenak ezustekoan harrapatu zituen biak, eta pozez gainezka jaso zuten jai batzordeko kideek banatutako lore sorta ederra, auzotarrek abestutako zorion kanta eta txalo zaparrada.
Hain zuzen ere, herenegun bikotea ezkondu zela 60 urte bete ziren, eta omenaldiak ospakizunei jarraipena emateko balioko duela nabarmendu zuen Osak. «Santuari betidanik estimu handia izan diogu. Ezkondu ginenean, esaterako, nire lore sorta santuari eskaini nion».
Urteroko hitzordura hutsik egin gabe etortzen da bikotea, gainera. «Iaz izan ezik, urtero hementxe egoten gara auzotarrekin batera santuaren eguna ospatzen. Iaz, tamalez, ezin izan ginen etorri. Senarra ospitalean zegoen eta, baina aurtengoan, goi-goitik ospatuko dugu».
Tolentino banaketa
Omenaldiaren ondoren, eta bazkal ordua iritsi arte, Samikollara hurbildutakoek hamaiketako goxoa dastatzeko aukera izan zuten.
Bien bitartean, San Nikolas Egunean ohitura den modura, mezatan bedeinkatutako tolentino opiltxoak banatu zituzten auzotarrek. Arrotu gabeko ogi zatiek urte osoan zortea erakarri eta etxekoak babesten dituela uste da.
Azkenik, zozketa egin zuten zelaian. 2.138 (lehen sariak) zenbakiaren jabeak Kalbaixon bi lagunentzako afaria jasoko du, eta 2.042 (bigarren saria) zenbakiaren jabeak Mutrikuko produktuekin osatutako otarre bat.