Txapel Egunak herritar guztien parte hartzea bilatuko du etzi
Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuta, Txapel Eguna ospatuko da etzi Ondarroan. Herri osoa jaian murgiltzea nahi dute antolatzaileek. «Jaiak gero eta indar handiagoa hartzea nahi dugu; herri osoaren inplikazioa bilatzen dugu, eta, ondorioz, ondarrutar...
Aurten, estreinako, marmitako jana egingo dute. Eta txartelak salgai bazeuden ere, dagoeneko bat bera ere ez dela geratzen jakitera eman dute. «Dena dela, ogitartekoak ere egongo dira, beraz, txartelik ez dutenek ez dute zertan arduratu». Horrez gain, aurten, umeentzako pailazoen ikuskizuna ere egongo da. «Adin guztientzako jaia da hau. Horregatik, DJ Elepuntok eta Punto Gk ere girotuko dute iluntzea».
Omenduak ere aipatu dituzte antolatzaileek. «Saskibaloi taldeko mutilek herriarengatik lan gogorra egin dute urteetan, eta aurten utzi egin dute taldea. Uste dugu eurek egindako lana eskertzekoa izan dela, eta, horregatik, guretzako omenaldirik onena dena eskainiko diegu: Txapela eramateko ardura».
Txapela burun eta ibili Ondarrun jaia uda amaierako jaia izatea nahi dutela diote. «Udazkenari ongietorria eman eta herriko bizitasuna berpizteko jaia da. Izan ere, azkenaldian, herriko giroa nahikoa eskas dago».
Osagarri horiekin guztiekin eta Josu Aranburuk jaiari egindako abestiagaz, antolatzaileek txapelak jantzi eta kalera ateratzeko gonbitea egin diete herritarrei.