Karraspio ondoko proiektua bertan behera geratu izana ospatuko dute
Karraspioren aldeko eguna izango da domeka. Besteak beste, mendi ibilaldian elkartuko dira herritarrak. Konpromisoaren aldeko argazki erraldoia ere aterako duteSOS Karraspiok antolatuta, Karraspioren aldeko eguna ospatuko dute domekan. Hain zuzen ere, ...
Karraspioren aldeko eguna izango da domeka. Besteak beste, mendi ibilaldian elkartuko dira herritarrak. Konpromisoaren aldeko argazki erraldoia ere aterako dute
SOS Karraspiok antolatuta, Karraspioren aldeko eguna ospatuko dute domekan. Hain zuzen ere, jai giroan elkartuta, Karraspio hondartzaren inguruan aparkalekua egin, eta 24 etxebizitza eraikitzeko proiektua bertan behera gelditu izana ospatuko dute.Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak proiektuak ezin duela aurrera egin ebatzi berri du. Joan den urteko urrian EAEko Auzitegi Nagusiak proiektua eteteko agindua eman zuen, eta orain, Espainiako Auzitegiak berretsi egin du epaia.
SOS Karraspio plataformako kideek azaldu dutenez, «bete beharreko baldintzak betetzen ez dituelako geratu da bertan behera proiektua».
Domekan, eguna ondo hasteko, 09:30ean mendi ibilaldiari ekingo diete herritarrek. Karraspiotik irtengo dira, eta Mendexa goiko alderantz abiatuko dira. Proiektua egitekoa zen inguru horretatik igoko dira, Likona eta Leagatik auzoetatik pasatu eta gero, buelta egingo dute Karraspiora. Inguruaz gozatuz, ordu bete pasatxoko ibilaldia egingo dute.
Eguerdirako, dzanga egiteko gonbita luzatu dute. «Entzun dugu eguraldiak ez digula lagunduko, baina gure asmoa da ibilaldi amaieran denak batera dzanga egitea, uretara sartzea».
Bainua hartu ostean, eguerdian, ekitaldia egingo dute. Argazki erraldoia aterako dute parte hartu duten guztiek egunean bertaratzen direnekin batera.
Ondoren, topa egin, eta hamaiketakoa jango dute. Jai giroa izango da nagusi, eta ez da musikarik faltako. Halaber, Mendexako produktuak salgai egongo dira.
Hala, domekako jaia lanean ibili direnak zoriontzeko eta haiei eskerrak emateko aprobetxatuko dute: «Gure lanak oraingoan fruitua eman duela azaltzeko eta ospatzeko eguna izango da».
Alde batetik, Karraspioren babesaren alde lan egin duten guztiak zoriondu eta eskerrak emateko aprobetxatuko dute. Izan ere, inguruko herrietatik ere elkartasuna izan dute.
Eta beste alde batetik, argi utzi nahi dute «oso adi» egon behar dela halako egitasmoen aurrean: «Horrelako proiektuak asko daude, ez bakarrik Mendexan edo Lekeition, baizik eta eskualde osoan, eta adi egon behar gara, eta lupagaz begira jarraituko dugu».
Jarraipen «zehatza»
Horrenbestez, bai kasu horretan bai eta besteetan ere, halako proiekturik ez egoteko «jarraipen zehatza» egingo dutela nabarmendu dute.
Plataformako kideek horrelako proiektuak daudenean herritarrak parte hartzera animatzen dituzte: «Ikusi dugu batzuetan posible dela halako astakeriak gelditzea; animatu nahi dugu jendea adi egotera eta planto egiten halako proiektu txikitzaileen aurrean, gure kostaldea eta inguru osoa babesteko».