Eusko Jaurlaritzak 'Antxustegi' atunontzia berreskuratzea erabaki du
Hiru pausotan egingo da 'Antxustegi'-ren berreskuratzea. Albistea begi onez ikusi dute antxustegitarrek, baina lanak lehenbailehen hastea komeni dela nabarmendu duteCristina Uriarte Toledo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura s...
Hiru pausotan egingo da ‘Antxustegi’-ren berreskuratzea. Albistea begi onez ikusi dute antxustegitarrek, baina lanak lehenbailehen hastea komeni dela nabarmendu dute
Cristina Uriarte Toledo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Antxustegi ontzia «bere balio historiko eta kulturalagatik» konpondu egingo dutela jakitera eman du. Ondarroako ontzia onik geratzen den diesel motordun euskal atunontzi bakarra da.Hain zuzen ere, Albaolak argitara emandako azken txostena aztertu ondoren hartu du erabakia Jaurlaritzak. Behin hori onartuta, hiru pausotan egingo da Antxustegiren berreskuratzea.
Lehenengo eta behin, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan orain dagoen tokitik lekuz aldatzea komeni dela onartu dute. Hori dela eta, euritik eta hezetasunetik babestuko duen toki egokiago bat bilatuko diote, modu horretara «bere iraunkortasuna bermatuz». Albaolako txostenean agertzen zen alternatiba aztertuko dute lehendabizi, eta hura balizkoa ez baldin bada, beste alternatiba batzuk bilatzen saiatuko dira.
Euskal ontzien zerrenda
Tokiz aldatu ostean, iraunarazte tratamendu berezi bat emango diote ontziari, onik ez dauden ontziko atalak erabarrituz.
Azkenik, hirugarren fasean, zaharberritzeari eta berreraikitzeari ekingo diote.
Erabaki horiez guztiez gain, urtea amaitu orduko Euskal Herrian dauden egurrezko ontzien inbentarioa egingo dutela jakitera eman du Jaurlaritzak. Zerrenda egin ostean, Albaolako txostenean gomendatzen den modura, egoeraren diagnostiko bat egingo da, eta esku hartze plan bat martxan jarriko da, lehentasuna duten ontziekin hasiz.
Berri pozgarria
Albistea begi onez ikusi dute Salba Dezagun Antxustegi plataformako kideek, eta pozik daude Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiagaz.
Luze jo du guztiak, eta bide luze horretan laguntzaile izan dituzten guztiei euren esker ona erakutsi nahi izan die Antxustegitarrek. Besteak beste, marrazkiak egin dituzten Ondarroako ume guztiak eskertu nahi izan dituzte. Ikastetxeetan Antxustegiren inguruko 400 marrazki inguru jaso dituzte.
Ikasleei ez eze, ondarrutar guztiei eta sinadura bilketan zein egindako elkarretaratzeetan euren atxikipena eman dutenei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete plataformako kideek. Zehatz esanda, ontzia berreskuratzeko eskatzen zuten 6.000 sinadura inguru batu dituzte azken hilabeteotan.
Horiez gain, Estitxu Breñas legebiltzarkidearen eta Asier Sanz Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidearen laguntza ere eskertu dute. «Euren laguntzarik gabe, hau guztia ez litzateke posible izango, eurei esker, gure eskaria hainbat erakundeetara eraman dute eta».
Ahalik eta arinen
Erabakia hartuta baldin badago ere, ontziaren konponketa lanak lehenbailehen hasi beharko liratekeela nabarmendu dute plataformako kideek. «Nahiz eta ondare balioa onartu, ez da mugimendurik egin. Berreskuratze lanak ahal denik azkarren hastea komeni da, bestelakoan, ontzia alperrik galtzeko aukerak handiak dira. Bere egoera oso txarra da, eta ez badute egunotan lehenbailehen egonkortzen, asko hondatuko da».
Izan ere, egunotan brankako masta erori egin da, eta ontziaren bizkarra ere nabarmen hondoratzen ari da. «Antxustegi eramaten ahalegindu zirenean, nahikoa kalte eragin zituzten ontzian, eta horren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira azkenaldian. Berau eusten duten egurretako asko falta dira, esaterako, eta horien faltan, txalupak ez du nahikoa sostengurik».