Ehunka herritar, arnasa emateko borondatez
Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Egunean 200 lagun inguru batu dira Ondarroan, gaixotasun horren inguruan lanean ari diren elkarteei babesa emateko; Noemi Uribe Arnasako kideak ondarrutarren borondatea eskertu du, barru-barrutik.Fibrosi Kistikoaren Nazi...
Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Egunean 200 lagun inguru batu dira Ondarroan, gaixotasun horren inguruan lanean ari diren elkarteei babesa emateko; Noemi Uribe Arnasako kideak ondarrutarren borondatea eskertu du, barru-barrutik.
Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Eguna izan zen herenegun. Eta ehunka lagunek fibrosi kistikoaren elkarteei babesa emateko, elkarteen kamiseta soinean jantzi eta argazkia sare sozialetara igo zuten. Egunak aurrera egin ahala, gero eta argazki gehiago ikusi ahal izan ziren sare sozialetan. Ondarroan, baina, haratago joan ziren: hitzordu bat jarri, eta argazki erraldoia atera zuten.Hitzordua 19:00etan jarri zuten, Musika Plazan. Eta jendetza bildu zen han. Noemi Uribe Arnasa elkarteko kidea oso pozik dago ondarrutarrek emandako babesagaz. «Ondarroan jendea mundiala da. Jendea beti dago laguntzeko prest, gauzak egiteko prest, eta hori oso eskertzekoa da, bene-benetan».
Uste gabeko erantzuna
Herenegun egindako ekintza bera ere jendeak erakutsitako interesak eragin zuela aitortu du: «Zapatuan eman nuen jakitera Facebook bidez irailaren 8an Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Eguna zela, eta ekintzak egingo zirela». Ekintza horietako bat fibrosi kistikoaren elkarteen kamiseta jantzita argazkiak Facebookera igotzea zen. «Ingurukoak segituan hasi zitzaizkigun kamisetak eskatzen, eta hori ikusita, argazki erraldoi bat ateratzeko ideia eduki genuen».
Batzen-batzen, hitzordura 200 lagun baino gehiago agertu ziren, Arnasa elkartekoek uste baino gehiago. «Adin guztietako jendea etorri zen, alkatea tarteko, eta poz-pozik eta eskertuta gaude».
Helburuak
Nazioarteko egun horrek, hain zuzen ere, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa ditu helburu. Izan ere, fibrosi kistikoa dutenen eta horien senideen esanetan, jendeak organoak ematea behar-beharrezkoa da gaixotasunari aurre egiteko.
Halaber, tratamenduak eskuratzeko desberdintasunak desagertzeko ere exijitzen dute.