Andra Mariaren Zeruratzea basilika bisitatu ahalko da irailaren amaierara arte
Hitzarmena sinatu dute Lekeitioko elizak eta udalak, izaera erlijiosoko kultur ondarea zabaltzeko asmoz. Jasotako erantzunaren arabera, denboraldia luzatzea aztertuko luketeUdalak eta Lekeitioko Elizak Andra Mariaren Zeruratzea Basilikara, berriz ere, ...
Hitzarmena sinatu dute Lekeitioko elizak eta udalak, izaera erlijiosoko kultur ondarea zabaltzeko asmoz. Jasotako erantzunaren arabera, denboraldia luzatzea aztertuko lukete
Udalak eta Lekeitioko Elizak Andra Mariaren Zeruratzea Basilikara, berriz ere, bisitak egitea adostu dute. Elkarlanerako hitzarmena izaera erlijiosoko Kultur Ondarea zabaltzeko helburua daukaten ekintzak martxan jartzeko lehenengo pausoa izango da.«Hitzarmen honekin lortutako konpromisoetariko bat da Lekeitioko Basilika, Bizkaiko gotiko berantiarraren eredurik paregabeena, bisita turistikoetarako jendeari zabaltzea, kontuan izanik Lekeition turismoak daukan garrantzia garapen ekonomikoaren motor moduan», azaldu du udalak. Gainera, bisitek hiribilduko historian eta ondarean murgiltzeko aukera emango dutela azpimarratu dute, ez bakarrik turistei bai eta herritarrei ere.
Irailaren 30era arte egongo da bisitak egiteko aukera, eta bisita libreez gain, gidatuak egiteko eskaintza ere martxan daukate.
Bisita libre zein gidatuak astelehenetik zapatura bitartean egin daitezke. Libreen ordutegia hurrengoa izango da: 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 17:00etara, pertsonako 2 euro ordainduta. Bisita gidatuak, berriz, 12:00etan eta 17:00etan egingo dira. Bisitek ordu beteko iraunaldia dute, eta 4 euroko kostua dauka.
Bisita gidatuak egiteko interesa daukatenak turismo bulegora zuzendu behar dira erreserba egitera.
Bestalde, 3 euroren truke, autogida zerbitzua eskainiko dute, bisita libreak egitean informazioa sakondu nahi dutenentzat. «Sarrera kobratzeak ekimen honek sortzen dituen gastuak finantzatzea du helburu, jasangarritasun ekonomikoa aurkitze aldera», azaldu dute antolatzaileek.
Bisitek izaten duten erantzunaren arabera, bisiten denboraldia zabaltzea aztertuko dute.