Andra Mari jaien ospakizunekin jarraitu dute bertoko zenbait herritan
Gizaburuagako Oibar auzoan eta Muruetan atzo izan zuten jaien azken eguna. Munitibarko Gerrikaitz auzoan eta Nabarnizen asteburuan egingo dituzte andramarien ospakizun nagusiakUrteroko hitzorduari hutsik egin barik, herritar asko batu ziren atzo Gizabu...
Gizaburuagako Oibar auzoan eta Muruetan atzo izan zuten jaien azken eguna. Munitibarko Gerrikaitz auzoan eta Nabarnizen asteburuan egingo dituzte andramarien ospakizun nagusiak
Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, herritar asko batu ziren atzo Gizaburuagako Oibar auzoko ermita eta inguruetan. Jaien azken egunean Oibarko Amaren Eguna goi-goitik ospatu zuten.Aita Jose Luisek meza «oso polita eta hunkigarria» eman zuen, ohikoa den legez, Andra Mari jaietan abesten duten Eguzkia deritzon kantagaz amaituz. Ostean, ermitaren alboko zelaian batu ziren herritarrak, erromerian. Trikiti doinuek girotuta, hamaiketako gozoa jan eta eztarriak busti zituzten.
Asko urtero etortzen dira, baina, aurten, erromerian estreinako egon denik ere izan zen. Aida eta Timoteo Urberuaga, esaterako, giroagaz harrituta geratu ziren. Kalifornian (Estatu Batuak) bizi dira, eta atzo egon ziren lehenegoz jaietan.
Erromeria bazkalordura arte luzatu zen, eta arratsaldean, jai giroak herrira jauzi egin zuen. Lehen bizikleta ginkanan eta lau erregetara mus txapelketan jende nahikoak parte hartu zuen. Jaiak txokolate janagaz eta bolanderekin amaitu zituzten.
Halaber, Muruetan ere Andra Mari jaien azken eguna ospatu zuten atzo. Meza entzun ostean, herri hamaiketakoan jan-edanean ibili ziren bizilagunak. Gero, bingoan eta bolo jokoan bakoitzaren abilezia erakutsi zuten.
Bestalde, nabarniztarrak, meza ostean txantxiku txapelketan lehiatu ziren. Trikipoteoan eman zuten eguerdia, eta iluntzean morokil janean elkartu ziren Nabarniz jatetxean.
Asteburuan jaien ospakizunekin jarraituko dute. Besteak beste, zapatuko herri bazkarirako mozorrotuta joateko deia luzatu diete bizilagunei. Frontoian bazkalduko dute, eta gaur da txartelak erosteko azken eguna.
Domekan, berriz, Arratzuko abesbatzagaz girotuko dute meza, eta, ostean, Kabelinatxe dantza taldearen emanaldiaz gozatuko dute. Arratsaldean, esku pilota partidak jokatuko dituzte.
Bestalde, Munitibarko Gerrikaitz auzoan asteburuan egingo dituzte andramarien ospakizun nagusiak. Bihar, 18:45ean jaurtiko dute txupina, eta gauean parrillada egin, eta Sim eta Sam, bi poliziren kronikak antzerkia ikusteko batuko dira. Etzi, besteak beste, paellada, umeen parkea, herritarren arteko jolasak eta mus txapelketa egongo dira. Domeka eguerdian harri jasotzaileek erakustaldia egingo dute, eta arratsaldean herri kirolen txanda izango da. Gero, 19:00ak aldera, bertsoak entzunez agurtuko dituzte jaiak munitibartarrek.