Galdu ezin daitekeen jaia
Batzuk lanean, beste batzuk eskolan, eta beste hainbat jai giroan. Hala bizi izan zuten atzoko eguna Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hainbat eta hainbat bizilagunek.Andra Mari eguna zen atzo, eta, urtero legez, hitzordu berezia izan zuten aipatu eskual...
Batzuk lanean, beste batzuk eskolan, eta beste hainbat jai giroan. Hala bizi izan zuten atzoko eguna Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hainbat eta hainbat bizilagunek.
Andra Mari eguna zen atzo, eta, urtero legez, hitzordu berezia izan zuten aipatu eskualdeetako herritarrek. Aukerarik galdu barik, festa giroan murgilduta ospatu zuten irailaren 8a.Euskal Herriko beste hainbat txokotan legez, Gizaburuagan, Muruetan, Nabarnizen eta Markina-Xemeingo Erdotza, Munitibarko Gerrikaitz eta Ibarrangeluko Kanala auzoetan bildu dira aipatu egunaz gozatzeko. Herri eta auzo bakoitzak nork bere egitaraua izan zuen, baina, oro har, mezarik, trikitixa hotsik edota txapelketarik ez zen falta izan.
Markina-Xemeingo Erdotza auzoan, esaterako, goizean goizetik hasi ziren ospakizunekin. Kalejiran joan ziren txistulariak Iderraga Nagusitik Erdotzaraino, eta, behin bertan, Zerutxu dantza taldeko dantzari gazteen dantzaldiak hartu zuen lekua, Erdotzako ermita parean, meza ostean. Dantzak ikusteko aukera ez ezik, mokadutxoa hartzeko aukera ere eskaini zuten auzokoek, ermitaren ondoan. Eguraldia lagun, asko izan ziren hitzordua galdu nahi izan ez zutenak.
Gizaburuagan, berriz, meza osteko poteoagaz hasi zuten Andra Mari eguna. Eztarriak ondo busti eta mokadutxoren bat edo beste jan ostean, txapel jaurtiketa egin zuten plazan, aurten bigarrenez. Parte hartzaile nahikoa izan zen, eta, guztira, 31 izan ziren saria lortzeko ahaleginetan aritu zirenak. Ume, gazte zein helduek parte hartu zuten irribarre eta animo artean, eta guztiek egindako markak kontuan hartu ostean, Jose Luis Azpiazu suertatu zen garaile. Azpiazuk bi untza eta 88 zentimetroko marka egin zuen.
Bolo jokoan ere aritu ziren, estreinako. Parte hartzea handia izan zen, eta denen artean giro ederra ipini zuten. Zazpi metroko distantziatik asmatzea ez zuten erraz izan, eta guztiak botatzea lortu zutenak hiru izan ziren. Horiek egindako berdinketa hausteko, berriro jaurti zuten, eta azken ekinaldiaren ondoren, emaitza onena Tino Goienolak lortu zuen, beste bost bolo bota eta gero.
Txapelketa ostean, herriko nagusiak bazkariratan batu zirenherriko tabernan. Denetara, bederatzi lagun bildu ziren, eta bateko eta besteko kontu artean egun pasa ederra egiteko aukera izan zuten. Gaur, Oibarko Egunagaz jarraituko dute jaiek. Hala, mezagaz, hamaiketakoagaz, I. Bizikleta ginkanagaz, goitibera antzerki saioagaz eta txokolate janagaz eta bolandera jaurtiketagaz gozatzeko aukera edukiko dute.
Munitibarko Gerrikaitz auzoan, bestalde, kopaua hartzeko elkartu ziren atzo herritarrak. Trikitilarien musikak lagunduta, gustura eta pozik ibili ziren, mokadutxo bat edo beste jaten zuten bitartean. Auzo horretan ere, jaiek ez dute izango etenik, ez, behintzat, domekara arte. Barikuan, zapatuan eta domekan izango da zegaz gozatu. Barikuan bertan botako dute txupina, eta horren ostean etorriko dira gainontzeko jarduerak. Egun horretarako, esaterako, herriko dantza taldearen saioa, parrilla jana eta antzerki saioa antolatu dituzte. Zapatuan eta domekan, berriz, paella jana, jolasak, mus txapelketa, erromeria, harri jasotzaileen saioa, herri kirolak eta bertsolarien saioa izango dira aukeran, besteak beste.
Ibarrangeluko Kanalan ere, jan-edanean aritu ziren atzo; izan ere, Kanala jatetxean bazkaldu zuten Andra Mari eguna elkarregaz ospatzeko. Hala ere, asteburuan egingo dituzte jaien ospakizun nagusiak. Bariku arratsaldean, esaterako, puzgarriak eta apar jaia egongo dira umeentzat. Bestalde, zinta lasterketa, mus txapelketa eta pala txapelketaren finala lehiatuko dituzte. Zapatuan, kalejiran hasiko dute eguna, eta ostean, estropadak ikusteko aukera egongo da Astilleron. Arratsaldean, argazki herrikoia aterako dute mozorro desfilearen aurretik. Gauean, berriz, DJ emanaldiagaz eta karaokeagaz dantzan eta kantuan aritzeko tartea hartuko dute ibarrangelutarrek. Domekarako, jaiak borobiltzeko, paella eta tortilla txapelketen lehia prestatu dute.
Jaiekin jarraituz
Muruetan eta Nabanizen ere, andramarietan murgilduta dabiltza egunotan. Muruetan, hilaren 4an hasi ziren jaiak ospatzen, eta gaur izango da azken eguna. Atzo goizean, boloetara eta bingora jolasteko bildu ziren herritarrak, mezatik atera ostean. Arratsaldean, aldiz, saskibaloi jaian parte hartzeko bertaratu ziren Gernika, Zornotza eta Durangoko hainbat gazte. Gaur ere, mezara joateko aukera egongo da, eta, horregaz batera, baita bingora eta boloetara jokatzeko ere. Hori, baina, hamaiketakoa eskaini ostean izango da.
Nabarnizen, hamaiketakoagaz, mus eta briska txapelketagaz eta pultso lehiaketa eta trikipoteoagaz ospatu zuten Andra Mari eguna. Gaur jateko aukera izaten jarraituko da, goizeko txantxiku txapelketaren eta trikipoteoaren ostean, morokila jateko bilduko baitira iluntzean Nabarniz jatetxean. Andramarietako egitaraua, baina, zapatu-domekako ekintzekin borobilduko dute.