Europako Alpine Cup tiro txapelketan parte hartuko du Ager Solabarrietak
Tiro olinpiko egokituan Europa mailan jokatuko den lehen txapelketa ofiziala da Innsbruck-en egingo dena. Ondarrutarrak zutikako eta etzandako 60 tiroko modalitateetan parte hartuko duIBSAk (Nazioarteko Itsuen Kirol Federazioa) eta Austrian Handicapped...
Tiro olinpiko egokituan Europa mailan jokatuko den lehen txapelketa ofiziala da Innsbruck-en egingo dena. Ondarrutarrak zutikako eta etzandako 60 tiroko modalitateetan parte hartuko du
IBSAk (Nazioarteko Itsuen Kirol Federazioa) eta Austrian Handicapped Sport Association-ek antolatuta, Alpine Cup tiro txapelketa ofiziala jokatuko da Innsbruck-en (Austria) bihartik domekara bitartean. Nazioarteko hainbat tiratzaile olinpikok parte hartuko dute bertan, eta horien artean izango dira Ager Solabarrieta eta Maite Badiola ondarrutarrak.Austriakoa tiro olinpiko egokituan Europa mailan jokatuko den lehen txapelketa ofiziala izango da, eta ondarrutarrak bertan parte hartzeko gogotsu joan dira. «Maila honetako txapelketak egiten hastea guretzat oso garrantzitsua da. Modu honetara, paraolinpikoetarako bidea zabaltzen goaz», adierazi du Solabarrietak.
Bi modalitatetan
Probei dagokienez, Solabarrietak gizonezkoetan jokatuko diren bi probetan parte hartzeko asmoa du. Espainiako eta Euskal Herriko txapelduna eta bere laguntzailea azken hilabeteotan gogor entrenatzen ibili dira, eta zutikako modalitatean ez eze, etzandakoan ere parte hartuko dute. «Etzandako modalitatean parte hartuko dudan lehen txapelketa izango da Innsbruck-ekoa. Gogotsu eta apur bat urduri ere banago, baina nire mailarik onena ematen saiatuko naiz txapelketan».
Bariku eguerdian izango dute lehen proba, zutikako 60 tirokoa, eta zapatuan, ostera, etzandako 60 tiroko proban parte hartuko dute. «Aurten, oraindik ere, karabina berrira egokitzen gabiltza, eta ez dugu podiumik egiteko asmo handirik, baina lan on bat egitea espero dugu».