Berdez jantzitako portuan bilduta
Independentistak Sareak jaietan Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarrikapena aintzat hartzea eskatu zuen duela zenbait urte, eta, aurten ere, aldarri beragaz iritsi dira Bermeora.Berdez koloreztatu gura izan zuten Bermeo barikuan, eta, nahi ...
Independentistak Sareak jaietan Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarrikapena aintzat hartzea eskatu zuen duela zenbait urte, eta, aurten ere, aldarri beragaz iritsi dira Bermeora.
Berdez koloreztatu gura izan zuten Bermeo barikuan, eta, nahi bezala, egin egin zuten. Urteroko hitzorduari hutsik egin barik bildu ziren egun horretan independentistak Bermeoko portuzaharrean. Olatu Berdea ekarri zuen Independentista Sareak herrira, eta, olatu horregaz batera iritsi ziren herriko hainbat lagun ere.Eguraldia ez zuten lagun izan, eta, hori dela eta, egitarauan aurreikusten zuten guztia betetzea ez zuten posible izan. Hala eta guztiz ere, helburua bete zuten; beraien aldarria lau haizeetara zabaltzea. Beste hainbat ekitalditan egiten den bezala, barikukoan ere, musikak hartu zuen bere lekua.
Eguraldiagatik, musika eten
Herriko musikariak ziren kantatzekoak eta musika jotzekoak: Ana Tere Bengoetxea abeslaria, Jon bateria eta Inma Anasagasti pianojolea, eta Urgatz eta Tximino musika taldeak. Dena den, behin jaialdia hasita, euria hasi zen, eta musikari zegokionez, etenaldia egitea erabaki zuten, eguraldi kaxkarraren ondorioz, «musika katea matxuratzea saihesteko». Hala, Ana Tere Bengoetxeak, Inma Anasagastik eta Jonek jo zuten abesti bat eta Urgatz taldeak beste bat.
Musika etenda, baina, jaialdiak jarraitu egin zuen. Aurreikusitako moduan, txistorraz eta piper berdez egindako pintxoak dastatzeko aukera izan zuten Olatu Berdeagaz bat egin zuten lagunek.
Jai giroan, beraz, hainbat izan ziren Independentista Sarearen deialdian parte hartu zutenak. Eta Sareak berak eskatu bezala, hainbat izan ziren zapi, kamiseta zein banderen bitartez, guztien artean kolore berdea gailentzeko hautua egin zuten herritarrak.