Martitzen goizaldean hasiko dute Marjesiek bederatziurrena
Gabonak aurreko bederatzi egun eta gauetan ateratzen dira abendu neska-mutilak eta marijesiak kalera; eta , aurten, martitzenean ekingo diete errondei. Iluntzeetan aterako dira Eako umeak (Abendu neska-mutilak) eta Gautegiz Arteagako gazteak (Marijesia...
Lurgorritik egingo dute Gernika-Lumoko Marijesiek martitzen goizaldeko erronda; hurrengo egunetan, Errenteriatik eta Tiloetatik egingo dute ibilbidea. 04:00etan batuko dira, goizaldero, Andra Maria elizaren atzeko aldean, eta, gutxi gorabehera, bi orduko errondak egingo dituzte. «Erronda horiek domeka goizaldea denean izaten dira luzeagoak; normalean baino jende gehiago batzen garelako», azaldu du Denis Azkarate marijesi eta bakarlariak.
Mendatan eta Muxikan
Urtero-urtero, gainera, abenduaren 24an, goiz-eguerdi partean ere kalerik kale ibiltzen dira Gernika-Lumon, eta dirua batzen dute. Bildutakoa aurten nori eman gaurko batzarrean erabakiko dutela zehaztu du Azkaratek. 18:30etik 19:30era batuko dira, Andra Mari koralaren lokalean.
Mendatan eta Muxikan ere ateratzen dira Marijesiak kantuan; bi herri horietan, baina, abenduaren 23an egiten dute erronda.
Topaketa Ariatzan
Bestalde, Marijesien topaketa egingo dute zapatu honetan, Ariatzan (Muxika). Gernika-Lumoko Marijesiak, Gautegiz Arteagakoak, Lekeitiokoak, Iurretakoak, Mendatakoak, Ibarrangelukoak, Ariatzakoak bertakoak (Muxika) eta Eako neska-mutilak batuko dira.
Bizkaiko herri horietan guztietan mantentzen da gaur egun marijesien tradizioa. Hala, bihar, denak batzeaz gain, kontzertua emango dute, 20:00etan, Ariatzako elizan.