
Remenetxen egindako saioa
Muxikako Remenetxe Jatetxean egin du Urremendi Landa Garapen Elkarteak Urdaibaiko Esentziak proiektu enogastronomikoaren hirugarren Gran Club-a. Hain zuzen, itsasoko produktuekin egindako menu “sekretu” bat dastatu zuten atzo. Abenduko topaketa hauekin amaitu dute merkatu aukerak identifikatu eta hautatzean oinarritu den fasea. Hurrengoa aukeratutako produktuak martxan jartzea izango da.
Remenetxe jatetxeko eta Batun Batun tabernako kideek egin zuten atzoko menu “berritzailea”, Itsasmendi upeltegiarekin eta Zallo Kontserbekin lankidetzan. Parte hartzaileek menua itsuan dastatu zuten, hau da, zertaz osatuta zegoen jakin barik, eta gero ondorioak ateratzeko hausnarketa egin zuten.
Menua hurrengoa izan zen:
- Zallo Batun. Atun-marmitakoa, kostaldeko aperitiboa, Batun-Batunek Zallo Kontserben produktuekin prestatua. Itsasmendi upeltegiko txakolina, Itsasmendi 7 2012 Biodibertsitatea.
- Zallo itsas fruituen biribilketa. Zallo Kontserben produktu desberdinekin egindako koktela, Remenetxe jatetxeak prestatua. Itsasmendi upeltegiko txakolina, Itsasmendi 7 2012 Biodibertsitatea eta Itsasmendi 7 2011 Bidezidorrak.
- Erdiz jantzitako itsasoko fruituak. Bi fasetan aurkeztutako bertako arrain zopa originala, Remenetxe jatetxeak prestatua. Itsasmendi upeltegiko txakolina, Itsasmendi 7 2010 Harmonia ekosistema batean.
- Kalabazin eta antxoadun lasaña. Berakatz-zuriz eta concasse tomateaz egina, Remenetxe jatetxeak prestatua. Itsasmendi upeltegiko txakolia, Itsasmendi 7 2009 Ogoño.
- Matxitxakoko lubina. Itsasmendi txakolin saltsaz jantzia, Remenetxe Jatetxeak prestatua. Itsasmendi upeltegiko txakolina. Artizar 2011 Bazter liluragarriak.
- Elantxobeko txipiroia. Toffe tipulinaz egindakoa eta sagar konpotaz betea eta Urdaibaiko hareaz bainatua, Mundakako ezker olatu eta txakolin soberteaz, Remenetxe jatetxeak prestatua. Itsasmendi upeltegiko txakolina, Urezti 2011 Arteagako Gaztelua eta Urezti 2008 Santimamiñe.
Datorren astean, abenduaren 18an, itsas produktuen lantaldeak dastaketa bat antolatuko du Bermeoko Batun-Batun tabernan. Urdaibaiko Esentziak proiektuaren aukerak identifikatzeko lehengo fasearen bukaera izango da.
Zehaztu dutenez, saio guztietan zehar 50 enbaxadorek parte hartu dute, eta 30 lankidetza proiektu baino gehiago identifikatu dituzte. Hurrengo fasea aukeratutako proiektuak martxan jartzean oinarrituko da.