Berrehun mila kilo. Kopuru hori da Morgako Talleri upategikoek datorren denboraldiari begira ekoitzi gura dutena. Alegia, egunotan mahatsa batzeari ekin eta iaz bildutako zenbatekoa —120.000 kilo inguru— areagotzea izango da aurrerantzean haien beharra. Aurreko urteekin alderatuz, mahastiak lehenago loratu dira aurton; izan ere, 2012ko udaberria lehorra eta eguzkitsua izan da. Horren ondorioz, mahats-batzeagaz ere ohi baino goizago hasiko dira, beste hainbaten artean, Talleri upategiko ekoizleak. Egunotan hasiko dira behar horretan horiek, mahatsaren heldutasuna aztertu ostean. Bizkaiko mahastiak, oro har, bor-borrean dabiltza. Posible da, hala ere, lehorteak eraginda mahats ale horietatik muztio gutxiago ateratzea. Kalitatea, baina, primerakoa izango dela pentsatzen dute txakolin ekoizle guztiek. Talleriko kide diren ekoizleak lehenengo mune mahatsa batzen hasiko dira, eta, ostean, hondarrabi motako mahatsa batzeari ekingo diote. Izan ere, mahats mota bakoitzak bere berezitasunak eta bere denbora behar izaten du heldutasun puntu egokira iritsi ahal izateko. Morgako upategiko ekoizle eta idazkari Agustin Olazabalagak azaldu legez, uda oso irregularra izan da igarotakoa: orain euria, orain eguzkia. Baina, batez ere, aro lehorra eta beroa. Oro har, udaberri eta uda ona izan da Euskal Herriko enologoentzat. Horregatik, uzta ona izatea espero dute. Eguraldiak zerikusi handia du ekoizpenean, Olazabalagak aipatu legez. «Euria egiten duenean, eguzkia ateratzea nahi izaten dugu, bestela [...]
Irailaren 27a izan zen atzo, eta, urtero legez, Gudari Eguna gogoan izan zuten hainbat herritan. Gernika-Lumon be ohore egin zieten gudariei, ohiko lekuetan lorak utzita.