Urdaibaiko arraunlariek ezin izan dute Kontxako bandera Bermeora eroan, hirugarren urtez jarraian. Lehenengo jardunaldian bakarrik lau segundu galdu ostean, bermeotarrak moralez eta ilusioz gainezka ekin zioten bigarren jardunaldiari, baina Kaikuko arraunlariak gehiago izan ziren Donostiako Badian (Gipuzkoa). Estropada ikusgarria egin ostean, Sestaoko taldeak merezita irabazi zuen denboraldiko garaikurrik preziatuena, Urdaibairen kaltetan. Kaikuk hasieratik apurtu zuen estropada, eta ziabogara heldutakoan sei segunduko aldea zuen dagoeneko. Atzetik Urdaibai denboraldiko trainerurik indartsuenari eusten ahalegindu zen, baina ezin izan zuen. Juan Mari Etxabe taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, “Kaiku traineru indartsuena izan da denboraldi guztian zehar, eta horiei irabazteko ezinbestekoa da arraunean ezinhobeto egitea”. Entrenatzailearen ustez, zenbait hutsegite txiki egin zituzten Kontxaren bigarren jardunaldian, eta hutsegite horiek garesti ordaindu zituzten. Urdaibaikoek “pena apur bat” dute Kontxako bandera Bermeora eroan ez dutelako, baina arraunlariek egindako lanagaz pozik azaldu da entrenatzaile gipuzkoarra, bigarren postuari eustea lortu baitzuten. “Kaiku horren hurbil izan ostean pena emoten du bandera etxera ez eroatea, baina ezin dezakegu gehiago eskatu” dio entrenatzaileak. Hala, Kaikuko taldekiak zoriondu gura izan ditu, bandera merezita irabazi dutela iritzita. “Datorren urtean indartsuago bueltatuko gara” esan du Etxabek.
Bermeo Futbol Taldeak partidarik galdu barik jarraitzen du 2012-2013 denboraldiaren hasieran. Bermeotarrak mailaz igoberriak dira, baina momentuz, Hirugarren mailako hiru partidak bardindu dituzte, eta eroso daude sailkapenaren erdialdean. Hain zuzen, sailkapeneko hamahirugarren postuan daude hiru puntugaz. Ligako hirugarren jardunaldian, Bermeok bana bardindu zuen Portugalete boteretsuaren kontra. Portugalete mailaz igotzeko hautagaietako bat da urtero bezala, eta horrenbestez, bardinketa garrantzitsua lortu zuten bermeotarrek joan den zapatuan. Etxeko zaleen babesean Portugaleteri aurre egitea lortu zuten bertokoek.
Kostata, baina Bizkaia Gernikak Ligako jardunaldi aurreratua irabazi zuen joan den zapatuan. Jorge Gimenez basurdeen entrenatzaileak argi utzi zuen ez zirela Hernaniko taldeaz fidatzen, eta ondo egin zuten gernikarrek. Hernani mailaz igoberria izan arr...
Gernika Futbol Taldeak partidarik irabazi barik jarraitzen du, ligako hiru jardunaldi jokatu ostean. Gernikarrek 2.B mailara igotzeko taldea osatu dute udan, baina momentuz, ahalegin ekonomikoak ez du fruiturik emon. Joan de domekan, Laudioren zelaian 1-0 galdu zuten bertokoek, eta horrenbestez, sailkapeneko hemezortzigarren postuan daude, Hirugarren mailako talde indartsuenetatik nahiko urrun. Hala, sailkapenean gora egiteko, eta taldean urduritasuna ez areagotzeko, gernikarrek berehala hasi beharko dute partidak irabazten. Gernika play off-etan sartzeko hautagai nagusienetako bat da, baina orain arte jokatu dituzten hiru partidetan ez dute golik sartu.