Espetxe funtzionarioek Ibon Goieaskoetxea jipoitu dutela salatu du Etxeratek
Euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteak, Etxeratek, Villefranche sur Saone espetxeko funtzionarioek Ibon Goieaskoetxea eta Ruben Ribero eta Julen Mujika “bortizki jipoitu” dituztela salatu du. Elkartearen arabera, espe...
Euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteak, Etxeratek, Villefranche sur Saone espetxeko funtzionarioek Ibon Goieaskoetxea eta Ruben Ribero eta Julen Mujika “bortizki jipoitu” dituztela salatu du. Elkartearen arabera, espetxe horretako funtzionarioek presoekin duten jarrera oso gogorra da, bereziki, euskal preso politikoen kasuan. “Tentsio handiko uneak bizi dituzte Villefranchen”. Halaber, bisitekin be arazoak izan ohi dituztela salatu du Etxeratek, funtzionarioek presoak bisitak debekatuko dituztela esanez mehatxatzen dituztela gaineratuz.
Etxeratek azaldu duenez, barikuan espetxeko zuzendariagaz bildu ziren busturiarra eta aipatutako beste bi preso politikoak, baina egoerak ez omen du hobera egin. Zapatuan senide bati bisita ukatu ziotela eta, senideek eta presoek protesta egin zuten, “tentsio uneak” bizi izan zirelarik. Ostean, domekan, “funtzionarioen talde bereziak sartu ziren hiru presoen ziegetan, kaskoekin eta armekin, eta bortizki jipoitu zituzten, zauriak eraginez”. Mittardera eraman zituztela inkomunikaturik dituztela gaineratu du Etxeratek. Goieaskoetxeak, alabaina, senideekin hitz egiteko aukera eduki du.