Gizartea euskaraz biziberritzeko aldarria, kalera
Euskararen Eguna da gaur, eta euskara gehiagotan erabiltzeko hautua hartu dute askok. Gernika-Lumon irakurtaldia egin dute, baina asteburuan ere, euskararen alde egiteko ekintzak prestatu dituzte zenbait herritan.
Da tresna. Da lanabes. Akuilu eta ezten. Hitz samurra zorigaitzean, berba alaia pozean. Helduleku zein helmuga. Da komunikabide eta da hartu-eman. Bertso batean horrela deskribatu dute euskara Euskaraldiko arduradunek, eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko apustua berretsi dute.
Euskararen Eguna da gaur, eta euskara 365 egunez erabiltzearen aldeko asmoa agertu dute Busturialdeko hainbat eta hainbat bizilagunek. Euskaraldiak giroa berotu du, eta gaur euskararen aldeko aldarrikapenek kalea hartu dute.
Gernika-Lumon, urtero Euskararen Egunean egin ohi duten 11 orduko irakurtaldian elkartu dira herriko hainbat talde, elkarte eta instituzioetako ordezkariak; osasun neurriengatik bost ordura mugatu dute aurten. Berbalagunek Foruen plazan jarritako eszenatokira igo eta Karmele Jaiok idatzitako Aitaren Etxea liburuko pasarteak irakurri dituzte parte hartzaileek. Bertaratu direnek liburuaz gozatu dute, eta irakurtaldia bukatzeko, Jaiok idatzitako gutuna irakurriko dute.
Ekitaldiek asteburuan jarraituko dute Busturialdean. Euskararen Egunerako prestatutako adierazpenak zabalduko dute busturiarrek, Euskaraldiari amaiera emango diote gernikarrek ekitaldi batean, eta postal eta argazki lehiaketaren sari banaketa egingo dute Kortezubin. Muxikan, berriz, bertso saioa musikatuan batuko dira herritarrak.
Adierazpena. Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena ere bat egin dute herriek. Gizartea euskaraz biziberritu behar dela dio adierazpenak: “Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabileran. Euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartean”.
Aurten beste zerbait ikasi ahal izan dela dio: “Egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa”.
Egitarauak, herriz herri
Gernika-Lumo
Bihar, 19:00etan. Euskaraldiari amaiera emateko ekitaldia, Foru plazan. Euskal Herri osorako idatzitako adierazpenaren irakurketa egingo dute, eta Segundo Olaeta musika eskolako ikasleek emanaldia eskainiko dute.
Kortezubi
Etzi, zapatua, 18:00etan. Euskararen Eguna ospatzeko jaia frontoian. 18:00etan, umeentzako jolasak eta 20:00etan gazteentzat. Ondoren, postal eta argazki lehiaketaren sari banaketa egingo da.
Muxika
Etzi, zapatua, 18:00etan. Bertso saio musikatua San Bizente elizan. Oihana Iguaran, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan. Gari Otamendi eta Araitz Bizkai izango dira saioko musikariak.