Administrazio elektronikoa abiarazi dute Bermeon
Udalak datozen egunetan jakinarazpen elektronikoa bidaliko die elektronikoki tramitatzeko prest dauden enpresei.
Paperik gabeko administrazioa lortu eta tramite guztiak sarean egiteko bidea hasi du Bermeoko Udalak. Horrela, administrazio elektronikoa martxan jarri dutela iragarri du udalak.
Naiara Anasagasti Bermeoko Antolakuntza teknikariak adierazi duenez, “lan sakon bat egin ondoren”, elektronikoki tramitatzeko dauden enpresei jakinarazpen elektronikoa bidaliko die udalak “hurrengo egunetan”.
Joan den urtean hasitako lanaren emaitza da tramitazio elektronikoa. Izan ere, 2018an proiektuaren lehen faseekin hasi zen udala: “baliabideak eskuratu, barne funtzionamendua aldatu, sinadura elektronikoa ezarri eta proiektu honen biderapenerako oinarri guztiak ezarri” zituzten, teknikariak azaldu duenez. Abuztuan Egoitza Elektroniko berria argitaratu zuten horrela.
Azken hilabeteetan, berriz, herriko enpresa eta elkarte guztiekin harremanetan jarri da udala, “egoeraz jabetu, dituzten baliabideak ezagutu eta elektronikoki tramitatu ahal izateko errealitatea zein den jakiteko”.
Azterlana. Anasagastik elkarlan horretatik azterlana egin dutela nabarmendu du. Hala, herriko enpresen %26ak elektronikoki tramitatzeko prest dagoela adierazi dute. %64ak aholkulari bat du tramite zehatzetan laguntza eskaintzeko, eta %7ak elektronikoki tramitatzeko laguntza behar duela adierazi du. Bukatzeko, %3ak ez du inolako interesik erakutsi gaiaren inguruan.
Era berean, enpresek gehien eskatzen dituzten tramiteak zehaztu dituzte azterlanean. Isunei buruzko informazio eskariak egitea da enpresei gehien interesatzen zaien tramiteaa, isunen deskargu pleguak, gidariaren identifikazioa,gune publikoetan ekintzak egiteko baimenak edota obra txikien lizentzia eskaria bezalako tramiteen aurretik.
Tramite horien eskariak kontuan hartu dute, eta dagoeneko Egoitza Elektronikotik egiteko aukera dagoela nabarmendu du teknikariak. Obra txikien lizentzia eskariaren kasuan hobekuntzak egin dituztela argitu du. Modu horretara, eskatzen den momentu berean lizentzia eskuratu ahal izateko tramitea sinplifikatu dute, eta aurre komunikazio bidezko obra txikien lizentzia martxan jartzeko prest dauka Udalak, ezaugarri zehatzak dituzten obren kasuan.
Enpresa eta herritarrekin batera. Gainera, Bermeoko aholkularitza enpresekin ere bilerak egin dituzte. Batzarretan Egoitza Elektronikoa aurkeztu, ekarpenak jaso eta aurrerantzean euren tramitazioak zein euren bezeroekin egin beharrekoak elektronikoki egiten hasteko aholkuak eman dituzte.
Herriko enpresekin eta elkarteekin harremanetan jarraituko duela ziurtatu du udalak. Maiatzean bilerak egitea aurreikusi dute laguntza eskaintzeko, baliabideak zelan eskuratu behar dituzten adierazteko eta behar izatekotan formakuntza saioak antolatzeko.
Herritarren kasuan, laguntza eta aholkularitza jaso nahi dutenek Berhaz arreta zerbitzura jo beharko dute, 010 telefono zenbakiaren bidez edo berhaz@bermeo.eus eta eadministrazioa@bermeo.eus helbide elektronikoetara idatzita. Arazo tekniko edo informatikoei ere erantzuna emateko lan egingo duela jakinarazi du udalak.
“Legeek bultzatuta eta Bermeoko Udala erakunde aurreratuen artean egonik, administrazio elektronikoa errealitate bat da Bermeon”, aldarrikatu du Anasagastik.