Kankinkabarako txistulariek kalejira egingo dute sanantonak ospatzeko
Antzinako ohitura zaharrak mantenduta, Bermeoko Kankinkabara txistu taldeko kideak kalera aterako dira bihar iluntzean, San Anton eguna ospatzeko.
Garai honetan arrantzaleak bisigua arrantzatzera ateratzen zirela gogora ekarri nahi dute Kankinkabarakoek. Antzina txistulariek agurtzen zituzten arrantzaleak portutik, eta haiek itzultzean modu berberean ematen zieten ongi etorria.
Ohitura hori herriko ondarea izanik, gogoratzeko asmoagaz batuko dira bihar 20:00etan, Andeko taberna aurrean. Bertatik 12 txistulari aterako dira kalejiran portuzarreraino, antzinako abestiak jotzen dituzten bitartean. Bertan, «itsaso ona egonez gero», txistulariei bisigua jaurtiko diete, eta arrainagaz batera Lamerara arte jarraituko dute, Arrantzaleak esnatzen eta Kresaletan doinuekin giro ederra sortuta.