Askari osasuntsuaren alde egin du Bermeoko Eleizalde Ikastolak
Ikastolak Bokata bat zure motxilan ekimenagaz bat egin du, umeen elikatzeko ohiturak aldatzeko beharrizana ezagututa.
Bermeoko Eleizalde Ikastolak Bokata bat zure motxilan ekimenagaz bat egin du. Kanpaina gaur arratsaldean abiarazi dute ikastolan bertan. Izan ere, kanpainan parte hartuko duten 25 ikastetxeetatik Euskadiko lehen hitzordua Eleizalden izan da.
Seigarren aldiz antolatu duten egitasmo horretan Eleizalde Ikastolak parte hartzen duen lehenengo aldia izango da. Egitasmoaren helburua haurrei “askari osasuntsua egitearen garrantziaz kontzientziatzea” da, umeek ohitura hobegoak har ditzaten.
Gaur egun ume eta gaztetxoen elikatzeko ohiturak aldatzeko beharrizanaz jabetu ondoren erabaki dute Eleizaldekoek kanpainarekin bat egitea. Martin Martinez kanpainaren arduradunak jakitera eman duenez, azken 15 urteetan haur biztanleriaren artean dagoen obesitate indizeak gora egin du. Zehazki, indizea “hirukoiztu” egin dela azpimarratu du, eta datu hori kezkagarria dela uste du Martinezek.
Kanpainari hasiera emateko, ikastolako haur guztiek urdaiazpiko egosiaren ogitarteko bat jaso dute. Ez hori bakarrik, umeak eta gurasoak elikadura osasuntsuari buruz informatzeko eskuorriak ere banatu dituzte.
Hiru elikagai talde. Bertan, kanpainaren inguruko informazioaz gain, haurrek jasotzen duten elikadurari buruzko datuak azaltzen dira. Esate baterako, askari on batek eduki beharreko elikagaiak zehazten dituzte: esnekiak, fruta edota zerealak daude horien artean. Hiru elikagai talde horiek ordezkatzen dituzten janarien konbinazio bat egitearen apustuaren alde egiten du kanpainak: urdaiazpikoaren ogitartekoagaz jogurt bat eta fruitu lehorrak jatea gomendatzen dute.
Gainera, kanpainagaz ikasleek askari garaian dituzten ohiturak ezagutzeko inkesta bat egingo dutela azaldu du Martinezek.
Elikadura osasungarria. Iñaki Beitia Eleizalde Ikastolako zuzendariaren berbetan, joan den urtetik ari dira ikasleen elikadura ohiturak hobetzeko urratsak ematen. Horretarako aipatutako kanpainagaz batera beste hainbat proiektu jarri dituzte martxan.
Esaterako, ikasturterako helburu bezala jantoki jasangarri bat ezartzea du ikastolak, eta jantokiaren hornitzaileak Bermeo eta inguruetako ekoizleak izateko lan egin dute, “ahal den heinean”. Horrez gain, Jangurie Urdaibaiko eskola jantokien ekimenagaz ere bat egin zuen Eleizaldek.