Itsasoak emaniko bizia
Bermeotarrek oso aintzat hartzen dute herriko ondarea eta kultura. Hainbat modutara gogoratzen dute nondik datozen Bermeoko erroak. Enrike Zubiak bere margolanekin egiten du.Enrike Zubia margolariak bere obretan denetariko arlo eta paisaiak erretratatz...
Bermeotarrek oso aintzat hartzen dute herriko ondarea eta kultura. Hainbat modutara gogoratzen dute nondik datozen Bermeoko erroak. Enrike Zubiak bere margolanekin egiten du.
Enrike Zubia margolariak bere obretan denetariko arlo eta paisaiak erretratatzen baditu ere, itsasoa eta haren inguruan sortzen den bizimodua izaten dira bermeotarrak margotzeko gustukoen dituen gaiak.Beste urte batez, bere jaioterriko Nestor Basterretxea aretoan margolan erakusketa ikusgai jarri du Zubiak. Guztira 42 koadro bildu ditu margolariak. Bildumako obra gehienak joan den urtean margotzen joandako berritasunak diren arren, urte asko dituzten margolanak batzea ere lortu du Zubiak. Izan ere, duela lau hamarkada baino gehiago sortu zituen obrak jarri ditu ikusgai aretoan.
Horietako batzuk aspaldi saldutakoak direla azaldu du margolariak: «Erakusketarako koadroak uzteko eskatu diot erosleari. Horrela, jendeak nire lan zahar zein berriak ikusi ditzake. Urteetan margotzeko moduak eduki dituen aldaketez ohartzen zara horrela. Gainera, ilusioa egiten du orain urteak saldutako lanak berriz ikustea».
Herriko bizimodua
Modu horretara, hainbat urtetan ikasi eta bizitako ohiturak eta bizimodua islatu ditu obretan. Bermeo eta inguruetako paisaiak dira margolariak jorratu duen gai nagusia, baina, era berean, herriko antzinako bizitza ere azaltzen du. Gaztetatik itsasoan lanean aritutakoa da Zubia, eta hori erakusketa ikusten hasterakoan argi geratzen da: emakumeak portuan arrainak zestetan pilatzen eta arrantzaleak beraien ondoan lanean ari direla agertzen dira, besteak beste, Zubiaren koadroetan. «Nik gehien ezagutu dudana da itsasoko bizimodua. Agian, baserri batean jaiotakoa izango banintz, horrekin ariko nintzen. Horren inguruan margotzea ere gustatzen zait, baina halako erakusketak egiterakoan jendea erakartzea bilatzen duzu. Egia esan, hori lortzea errazagoa izaten da kostako bizimodua ardatz hartuta».
Lanak saltzerako orduan koadroen tamainak ere berebiziko garrantzia duela nabarmendu du: «Jarri ditudan koadro handienen tamaina egokia zen orain dela urte batzuk, baina etxean sartzeko lan txikiagoak nahi dira orain». Margotzerako orduan, koadro gehienak olioagaz lan eginez sortzen ditu, baina akrilikoa ere erabiltzea gustatzen zaiola dio, beste era bateko lanak sortzeko aukera ematen baitio. Ez hori bakarrik, akrilikoagaz azkarrago lan egin ahal du, eta horrek bere abantailak dituela uste du, «olioagaz askotan koadroari gauzak gehitu eta gehitu ari zara eta».
Argitu duenez, erakusketan beste arlo nagusi bat sartzen ahalegindu da. Emakumeak gizartean jokatzen duen egitekoa aldarrikatzeko lanak ikusgai jartzeko asmoa izan arren, azkenean albo batera utzi behar izan du. «Bermeon berriz erakusketa bat egiten dudanean, jartzen saiatuko naiz».
Zubiaren erakusketa domekara arte egongo da ikusgai. Gaurtik zapatura, 19:00etik 21:00etara bitartean egongo dira irekita aretoko ateak. Domekan, berriz, 13:00etatik 15:00etara gozatu ahalko da Bermeoko ondarea islatzen duten margolanez.